Transferentzia Teknologikoko Programaren 2026ko deialdiaren ebazpena argitara eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Automobilgintza, aeronautika, espazioa, siderurgia, meatzaritza edota teknologia digitaleko 24 proiektuk jasoko dute laguntza, guztira 4,06 milioikoa izango dena. Zehazki, finantzatuko diren proiektuen artean dira teknika berrien garapena automobilgintzako osagai arinagoak eta eraginkorragoak ekoizteko, sentsoreak industria-labeen narriadurari aurrea hartu asmoz edota sistema automatizatuak meatzaritzan lan-arriskuak gutxitzeko.
Programak bilatzen du enpresek euren egunerokoan aplikatu ahal izatea Bizkaian sortu den ezagutza zientifiko-teknologikoa. Bestela esanda, transferentzia teknologikoa erraztea du helburu, ezagutza zentroetan dagoena enpresek produktu, prozesu eta zerbitzu berriak eraldatzeko balia dezaten. Izan ere, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak gogorarazi duenez, "kontua ez da soilik ezagutza sortzea, baizik eta ezagutza hori enpresetara iristea, ingurune errealetan frogatzea eta irtenbide berri, jarduera ekonomiko eta kalitatezko enplegu bihurtzea".
Aurtengo deialdiak berritasun bat izan du aurrekoekin alderatuta, hirugarren lerro bat, hain zuzen ere. Orain arte, zentro zientifiko-teknologikoen ikerketa eta garapen proiektuak —enpresen aplikaziora bideratuak—, eta probetarako instalazioen erosketa izan dira finantzatu diren lerroak. Aurten, baina, hirugarren lerroari esker, Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sarearen parte diren I*Gko enpresa unitateek ere parte hartu ahal izan dute deialdian, heltze fasean izanik ere industria aplikaziotik gertu dauden proiektuek, alegia. Hala, teknologia transferentziaren prozesu osoan laguntzeko gaitasuna lortu du programak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta