Basque Tek Ventures ezagutza zientifikoa enpresa teknologiko bihur dadin Eusko Jaurlaritzaren martxan jarritako deialdiaren laugarren ediziora 20 spin off proposamen aurkeztu dituzte 11 eragilek. Profilari erreparatuta, 9 unibertsitateetatik jasotakoak izan dira, 7 BRTA aliantzako zentroenak eta BERC EAEko bikaintasun ikerketa zentroen 2. Aipatzekoa da programaren laugarren edizio honetara aukera izan dutela aurkezteko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile berrriek, zehazki, oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketako unibertsitateetara eta BERCetara. Horrek, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailetik adierazitakoaren arabera, positiboki eragin du jaso diren eskaera kopuruan.
Proiektu gehienak osasungintzarekin dute lotuta, zehazki, 9k. Aldiz, 8k lotura dute industria adimendunarekin, eta 3k energiarekin. Lurraldeka, 11 Bizkaitik aurkeztu dira, eta 9 Gipuzkoatik.
Oraingo lana Jaurlaritzaren teilatuan dago, egitasmo bakoitzak izan dezakeen potentziala ebaluatu eta kontrastatu beharko baitu, proiekzio handiena izan dezaketen horiek lehenesteko. Hautatuek, aukera izango dute venture buildingeko ibilbideak eskaintzen dituen zerbitzuak jasotzeko, BIC sareko adituen eskutik. Bestela esanda, enpresa egia bihur dadin ibilbidea egin ahalko dute.
Aurreko edizioetan aurkeztu diren 40 proiektuetatik 24 sartu dira programan, 16 enpresa eratu dira eta 10 inbertsio egin ditu BTV funtsak. Datozen
hilabeteetarako ere operazio berriak daude aurreikusita.
Aipatzekoa da proiektua bultzatzen ari diren erakundeak direla SPRI, BRTA, Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa eta BIC sarea, eta aurreikusita dagoela BERCak eta Unibertsitateak ere horren parte izatea.