• ENPRESAK GAUR
  • Fabrikazio Aurreratuaren kongresuak 600 profesional bilduko ditu Donostian

Fabrikazio Aurreratuaren kongresuak 600 profesional bilduko ditu Donostian

100 hizlarik hartuko dute parte urriaren 29tik 31ra bitarteko hitzorduan

Xabier Ortueta eta Unai Andueza, gaurko agerraldian | Argazkia: AFM
Xabier Ortueta eta Unai Andueza, gaurko agerraldian | Argazkia: AFM
2025eko urriaren 24a - 12:26

Manufacturing Congress Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Kongresuaren 24. edizioa urriaren 29tik 31ra egingo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Hitzordua gaur aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, eta bertan izan dira Unai Andueza Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, eta Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendari nagusia. 

 

Kongresua, Espainia mailakoa, 1976an sortu zen, eta aurtengo edizioa industriak bizi duen eraldaketa une nabarmen baten baitan iritsi da. Automobilgintza garai berrietara egokitzen den aldi berean, energia sektorea trantsizio bete-betean dago. Ildo horretatik, hausnarketarako gunea eskaini nahi du kongresuak, egungo erronkei erantzuteko eta industria-sarearen lehiakortasuna, digitalizazioa eta jasangarritasuna bultzatzeko. Zehazki, dibulgazio teknologikoa, ikerketa zientifikoa, industria-inguruneetako segurtasuna eta industriari aplikatutako zibersegurtasuna izango ditu ardatz. Horien baitan, askotariko gaiez hitz egingo dute: geopolitikak enpresa-jardueran duen eragina, eskakizun berriak aeronautika edo espazioa bezalako sektoreetan, teknologia berrien aukerak...

Hizlarien artean izango dira Marc Vidal ekonomia digitalean aholkulari eta dibulgatzailea, Genís Roca kultura, enpresa eta eraldaketa digitalean aditua eta Jon Sistiaga kazetaria. Parte hartuko duten enpresa, zentro teknologiko eta askotariko erakundeetako batzuk honakoak dira: Basque Quantum, Siemens, Indra, Renishaw, Fagor Automation, Fagor Arrasate, ASTM, Cuatrecasas, Multiverse Computing, Aernnova, ITP, Airbus, Ibarmia, Zayer, Euchner, Schmersal, AEE, DHV, Loire Gestamp, DanobatGroup, Fastems, Oerlikon, Satlantis, Novaindef, Sapa, Arisa, Nicolás Correa,Tecnalia, Tekniker, Ideko o Fraunhofer IWS.