Faes Farmak %21,2 handitu ditu mozkinak

111,1 milioi euroko irabaziak izan ditu farmazia enpresak, eta guztira 510 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2025eko otsailaren 28a
Eg. 2025eko otsailaren 28a

Faes Farmak 111,1 milioi euroko etekinak izan ditu 2024an, urtebete lehenago baino %21,2 gehiago. Farmazia enpresak azaldu du emaitza horren barne daudela Derion irekiko duten lantegi berriari esker lortutako kenkariak.

 

Emaitza honekin 2024rako ezarritako helburuak bete ditu konpainiak. Guztira, 510 milioi euroko fakturazioa izan du, 2023an baino %7,8 gehiago, eta EBITDA 128,9 milioi eurokoa izan da, %5,5 gehiago.

Taldeak nabarmendu du egoera finantzario “egonkor eta positiboan” aurkitzen dela. Zehazki, kutxan 64,2 milioi euro ditu egun, behin Derion eta Huescan (Espainia) irekitako lantegien inbertsioa amaituta.

 

Enpresako zuzendaritzak akzioko 0,138 euroko dibidendua proposatuko du hurrengo batzar nagusian. Dibidendu horri pasa den urtarrilaren 15ean banatutakoa gehituko litzaioke. Orduan, akzioko 0,041 euroko dibidendua banatu zuen Faes Farmak.