Egoitza nagusia handituko du Fagor Arrasatek

6.000 metro karratuko eraikin berria eraikiko du kooperatibak

Egungo aparkalekuan eraikiko da egoitza | Argazkia: Fagor Arrasate
Egungo aparkalekuan eraikiko da egoitza | Argazkia: Fagor Arrasate
2025eko uztailaren 8a - 14:02

Fagor Arrasate eraikin berria eraikitzen ari da Arrasaten bertan (Gipuzkoa) duen egoitza nagusiari lotuta. Gaur egun aparkaleku gisa erabiltzen den eta 6.000 metro karratuko azalera izango duen espazioa eraikitzeko 20 milioi eurotik gora inbertituko ditu kooperatibak, eta obrak 2026ko apirilean bukatzea aurreikusten da, 2027 hasieran martxan jartzeko.

 

Hala, egoitza nagusia handitzearekin taldea gai izango da 200 tona arteko pisua duten piezak mekanizatzeko, eta, ondorioz, Arrasaten zentralizatu ahal izango ditu ekoizpen prozesuko fase guztiak, efizientzia eta iraunkortasuna ere hobetuta. Aldi berean, ekidin egingo dira pieza astunak lekualdatzeak dakartzan kostuak.

Gainera, 30 metro arteko luzerako mahaiak eta zazpi metroko altuerako zutabe mugikorrak dituzten fresatzeko makina mandrinatzaileak ere bilduko ditu eraikin berriak. Horri esker, energia kontsumoa eta CO2 isuriak murriztuko dira, “urrats esanguratsua” emanda prozesu industrialen deskarbonizazioan.

 

Jasangarritasunaren ildotik, eraikin berriak US Green Building Councilen Leed Gold izeneko ziurtagiria izango du, zeina nazioarte mailan “prestigio handiena” duten ziurtagirien artean dagoen. Egiaztagiriak baieztatzen du lantegiak efizientzia energetikoa bermatzen duten estandar zorrotzak betetzen dituela, besteak beste, uraren kudeaketa jasangarrian, ingurumen kalitatean, materialen erabileran eta isurien murrizketetan.

Bestalde, Fagor Etxetresnetako bulegoen eraikina eraitsi egin dela jakinarazi du kooperatibak, aparkalekuak egiteko, eta bertan markesina fotovoltaikoak jarriko direla gaineratu du. Horiei esker, energia berriztagarria sortzea eta isuriak murriztea aurreikusten du taldeak, lantegiaren efizientzia energetikoa hobetuta.

 

proba