Fagor Arrasate Ribinerf teknologia enpresaren kapital sozialean sartu da

Eragiketaren ondorioz, Fagor Arrasateren esku geratuko dira merkatuko teknologiak, piezen kalitatea kontrolatzeko prozesuak, pickinga eta rackingaren automatizazioa

Argazkia: Fagor Argazkia: Fagor

Fagor Arrasate, material mekanikoak eta konpositeak konformatzeko eta prozesatzeko ekipo ondasunen garapenaz arduratzen den Mondragon Taldeko konpainia, Ribinerf teknologia enpresaren kapital sozialean sartu da. Ribinerfen akzioen %70 eskuratuta, fabrikazio prozesuen automatizazioarekin lotutako gaitasun teknologikoak indartzearen aldeko apustua egin du Fagor Arrasatek. Unai Lopez Moñux konpainiako zuzendari nagusiak adierazi duenez, eragiketaren ondorioz beraien esku geratuko dira merkatuko teknologiak, piezen kalitatea kontrolatzeko prozesuak, pickinga eta rackingaren automatizazioa, eta horiek ezinbestekoak lirateke automobilaren, etxetresna elektrikoen eta siderurgiaren sektoreetako bezeroentzat.

Zehazki, Fagor Arrasatek Ribinerfen gaitasunak eta know-how-a izango ditu eskura,  eszenatoki ez-deterministikoak konpontzen dituzten soluzio estandarizatuen fabrikazioan  oinarritzen direnak, orain arte automatizatu ezin zirenak. Ribinerfeko makinak ez dira lana  egitera mugatzen; aitzitik, adimen artifizialari esker, erabakiak hartzeko eta ekoizpen  aldakorrean gertatzen diren gorabeherak beren kabuz konpontzeko gaitasuna dute, ekoizpen  lerroen geldiune denborak murriztuz eta ahalik eta errendimendu handienarekin lan eginez. Horri esker, bezeroek beren prozesuen lehiakortasuna optimizatu eta hobetu dezaketela azaldu du Fagorrek.

“Aliantza horri esker, konponbideak eskaini ahal izango dizkiegu bezeroei, prozesuak automatizatzeko eta kalitatea bermatzeko egiten dituzten eskaerei erantzuteko”, jakinarazi du konpainiak. “Ribinerfen eskutik, bezeroei eragiketak optimizatzen  laguntzen dieten konponbideak eskaini ahal izango dizkiegu, eta aurrezpen handiak ekarriko dizkiete, balio erantsi txikiko postuen amortizazioari eta kalitate eskasiari lotutako kostuak murrizten direlako”.

Bestalde, Ribinerfeko sortzaileetako batek, Xavier Ribaltak, uste du Fagor Arrasaterekin  egindako operazioak aukera emango diola bere konpainiari merkatu eta bezero berrietan  sartzeko. “Guretzat Fagor Arrasate bazkide estrategikoa da, sendotasuna ematen dio gure proiektuari  eta gure nazioarteko hedapenean lagun dezake. Fagor Arrasatek gaur egun nazioarteko  merkatuetako deformazioaren sektorean duen seriotasun ospeari eta merkatu kuotari esker  Ribinerfen proiektuak bultzada haundia hartuko du”, adierazi du Ribaltak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK