Fagor Arrasatek Inoxilosen ekoizpen unitatea erosi du, Herpasa markaren pean diharduen sozietatea. Herpasak altzairu herdoilgaitza lantzen du, diseinutik hasi eta fabrikazioraino; elikadura, industria kimikoa eta farmazia sektoreetarako biltegiratze soluzioak garatzen ditu, besteak beste.
1974an Bartzelonan eratutako konpainia likidazio-fasean zegoen, hartzekodunen konkurtsoa bukatu ostean, eta orain Fagor Arrasatek bere gain hartuko du konpainiaren ardura. Mikel Lópezek, Fagor Arrasateko Siderurgiako Negozio Unitateko zuzendaria eta Herpasako arduradun berria denak, adierazi du konpainiaren lehentasuna izango dela Herpasak martxan zituen proiektuekin aurrera egitea, eta “bezeroei konfiantza transmititzea”.
Izan ere, industria kooperatibakoek azaldu dute proiektu aktibo guztiak mantenduko direla hitzartutako baldintzetan, eta “talde tekniko eta produktiboa bere osotasunean mantenduko” dela, baita “indartu ere”. “Horrela, markaren ezaugarri izan den zerbitzu eta ezagutza espezializatuaren jarraipena bermatuko da”, gaineratu dute. “Oinarri teknikoa dugu, eta Fagor Arrasatek emango ditu Herpasa dimentsio berri batera eramateko baliabideak eta sare komertziala”, bermatu du arduradun berriak.