• ENPRESAK GAUR
  • Fagor Ederlanek Regen Aluminium enpresa estatubatuarraren gehiengoa erosi du

Fagor Ederlanek Regen Aluminium enpresa estatubatuarraren gehiengoa erosi du

Pennsylvaniako konpainia aluminio birziklatuko lingoteak ekoizteaz arduratzen da. Fagor Ederlanek ekonomia zirkularrean duen posizionamendua eta Ipar Amerikan duen presentzia indartu nahi ditu

Jon Zuazo zuzendaria eta Mikel Uribetxebarria Kontseilu Errektoreko presidentea Regen Aluminium-en egoitzan izan dira | Argazkia: Mondragon Korporazioa
Jon Zuazo zuzendaria eta Mikel Uribetxebarria Kontseilu Errektoreko presidentea Regen Aluminium-en egoitzan izan dira | Argazkia: Mondragon Korporazioa
2025eko ekainaren 3a
Eg. 2025eko ekainaren 3a

Fagor Ederlanek Regen Aluminium enpresa estatubatuarraren %51 erosi du. Metalezko hondakinez bidez, aluminio birziklatuko lingoteak ekoizten ditu Pennsylvanian egoitza duen konpainiak, eta sektore aeroespazialean, elektrikoan, ontzigintzan, berunezkoan eta automozioan dihardu.

 

Konpainiak Fagor Regen Aluminum izena hartuko du, eta Fagor Ederlan taldean integratuta egongo da. Mondragon taldeko kooperatibak ekonomia zirkularraren eta iraunkortasunaren esparruan duen posizionamendu estrategikoa indartu nahi du erosketa honekin, baita Ipar Amerikako merkatuan presentzia areagotu ere.

Regen Aluminum-ek 20 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2024an, eta Fagor Ederlanetik adierazi dutenez, euren prozesuetan karbono aztarna %90 murriztea lortu du konpainia estatubatuarrak.

 

Atzo izan ziren Jon Zuazo Fagor Ederlan Taldeko zuzendari nagusia eta Mikel Uribetxebarria Kontseilu Errektoreko presidentea Regen Aluminum-en York-eko instalazioetan, eta erosketa akordioa sinatu zuten. Fagor Ederlaneko ordezkariek instalazioak bisitatu eta Fagor Regen Aluminumeko giza taldea bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten.

Eskoriatzako kooperatibako zuzendariak zera azpimarratu du: “erosketa hau funtsezko urratsa da balio kate osoan irtenbide jasangarriak integratzeko dugun estrategian. Birziklatutako materialaren trazabilitatea indartzeko, Ipar Amerikako gure bezeroentzako zerbitzua hobetzeko eta ingurumenarekin konprometitutako negozio eredu bat finkatzeko aukera ematen digu. Jasangarritasuneranzko eraldaketa sakona eskatzen duen testuinguru global batean, eragiketa horrek indartu egiten ditu gure gaitasun industriala eta sektorean eragile garrantzitsu gisa dugun erantzukizuna”.