Fagor Elektronikak Triax Digital Solutions enpresa erosi du

Eragiketa honetatik konpainia berri bat jaio da; Fagor Multimedia Solutions, eta asteazkenean hasiko du bere ibilbidea ofizialki

Fagor Elektronikaren egoitza barrutik, Arrasaten | Iturria: Europa Press Fagor Elektronikaren egoitza barrutik, Arrasaten | Iturria: Europa Press

Fagor Elektronikak Astigarragako Triax Digital Solutions (TDS) enpresa erosi du. Kaleratu duten oharrean azaldu dutenez, operazioaren helburua bolumena eta gaitasun teknologikoak batzea da, balio erantsi handiko jardueretan lider gisa posizionatzeko. 2023ko irailetik, Triax Digital Solutions sozietatea hartzekodunen borondatezko konkurtsoan zegoen. Erosketarekin, Mondragon taldeko enpresak Astigarragako lantokiko lanpostuen jarraipena bermatuko duela argitu du.

Halaber, eragiketa honetatik konpainia berri bat jaio da, hain zuzen ere, Fagor Multimedia Solutions (FMS). Ohar bidez adierazi dute multimedia eta telekomunikazio azpiegituretarako soluzio elektronikoen sektoreko eragile garrantzitsuenetako bat izan nahi dutela Europan. 

FMS filial berriak bi lan egoitza izango ditu, Arrasaten eta Astigarragan (Triax Digital Solutions zaharra zegoen lekuan). Horrez gain, aurten Fagor Elektronikak bere egungo multimedia negozioa filialean sortu nahi du. Arrasateko kooperatibak hurrengo lau urteetan enpresa berri honek 25 milioi euroko fakturazioa izatea aurreikusten du. 

Eratu berri den konpainiaren zuzendari nagusiak, Gorka Guerrak azaldu duenez, “dibertsifikazio eta hazkunde helburu estrategikoetan aurrera egiteko aukera baten aurrean geundela antzeman genuen, balio proposamen eta merkatu berrietarantz, eta, gainera, enpleguari eusteko eta jarduera errotzeko konpromisoarekin modu koherentean”. Haren ustez, proiektuak Triax Digital Solutions-eko lan taldearen atxikimendua izan du une oro, argi izan duelako proposamenaren asmoa batzea, talentua sendotzea eta erabakigunea Gipuzkoan mantentzea zela.

Eraldatzen ari den merkatua

Fagor Elektronikatik azaldu dute FMSek jardungo duen nitxoa "eboluzioan" dagoen merkatu bat dela, telebista seinalea jasotzeko sektore tradizionala jasaten ari den eraldaketaren emaitza. Gainera, azpimarratu dutenez, negozioa "multimedia soluzio eta zerbitzu integralak, berritzaileak eta balio erantsi handikoak garatzen ari da etxebitzitza eta hirugarren sektoreetarako (hotelak, ospitaleak, enpresak eta eraikin bereziak)".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK