• ENPRESAK GAUR
  • Fagor Etxetresnak itxi zutela 10 urte betetzear direnean, taldea “indartsu eta osasuntsu” dago egun

Fagor Etxetresnak itxi zutela 10 urte betetzear direnean, taldea “indartsu eta osasuntsu” dago egun

Kooperatibaren 1.736 bazkideetatik 1.405ek “behin betiko soluzioa” izan zutela azaldu du taldeak, eta duela hamar urte gertatukoa "irakasgai bat" izan zela gogoratu dute

Argazkia: Fagor
Argazkia: Fagor
2023eko urriaren 10a
Eg. 2023eko urriaren 10a

Fagor Etxetresnak kooperatiba itxi zutela hamar urte betetzear dira. 2013ko urriaren 16an jo zuen taldeak konkurtso legera, eta handik gutxira itxi zituen ateak. Gaur Fagorrek krisi hura gogoratu nahi izan du, eta itxierak izan zuen eragina nabarmendu du. Krisiak ekarritako galera ekonomikoak, konkurtsoari lotutako prozedura legala eta bazkideen ziurgabetasuna, besteak beste.

 

"Orduko erantzuna eta krisiari buelta emateko gaitasuna aurrekari izango ziren hurrengo urteetarako, Mondragonen kooperatibagintzaren erresilientzia gaitasunaren erakusgarri”, azaldu dute Fagor Taldetik. Hamar urte igarota, orduko egoera iraultzeko “zenbait elkartasun mekanismo” indartu eta “hainbat egokitzapen” egin direla jakinarazi du taldeak, eta “indartsu eta osasuntsu” dira taldeko zortzi kooperatibak (Fagor Ederlan, Fagor Arrasate, Fagor Industrial, Fagor Electrónica, Fagor Automation, Copreci, Mondragon Assembly eta Galbaian).

Orain hamar urte, 5.600 langile zituen Fagor Etxetresnak kooperatibak. Horietatik 1.800 Euskal Herriko bost lantegietan zeuden, eta 1.736 bazkideak ziren. “Langabezia prestazioa, aurretiko erretiroak eta beste kooperatibetan birkokatzea” izan ziren taldeak burutu zituen “elkartasun mekanismoak”. Hala, Fagorrek azaldu duenez, “bikoiztu egin zen LagunAron dauden ia ehun kooperatibetako bazkideek langabezia prestazioa finantzatzeko ordaintzen duten kuota, aurretiko erretirorako aukera eskaini zitzaien 55 urtetik gorakoei eta birkokapenak azkartzeko mekanismoak abiarazi ziren”.

 

Kooperatibaren 1.736 bazkideetatik 1.405ek “behin betiko soluzioa” izan zuten, bazkide guztien %81ak. Mondragon taldeko beste kooperatibetan birkokapenak egin ziren, aurretiko erretiroak eskaini zitzaizkien beste lagile batzueit eta kalte ordainak jaso zituzten gainerakoek.

Fagorrek azaldu duenez, duela hamar urte gertatutakoa “irakasgai izan da” taldearentzat: “Eredua sendotzera eta babestera bideratutako hainbat aldaketa egin ditugu azken urteetan”. Hala, taldea “baikor” da etorkizunera begira, eta iaz 1.819 milioi euroko salmentak izan zituztela gogoratu dute, 2021ean baino %17 gehiago.

Langileei dagokionez, 11.565 ditu kooperatibak egun, eta 5.791 Euskal Herriko lantegietan daude (horietatik 4.276 bazkideak dira). Hori gutxi balitz, taldeak hazkundea aurreikusten du salmentetan, eta emaitzak %25 haztea ere espero du.