• ENPRESAK GAUR
  • Fagorrek 3,1 milioi euro bideratu zituen gizarte egitasmoetara

Fagorrek 3,1 milioi euro bideratu zituen gizarte egitasmoetara

Kooperatibetako euskara planak, lanerako bidean mugikortasun iraunkorra bultzatzeko Fagor Mugi eta kooperatibetako kideak gizarte ekimenetan inplikatzeko Fagor Elkar ekimena sustatu ditu, besteak beste

2025 Plazabizi ekimenari lotutako irudia | Argazkia: Fagor
2025 Plazabizi ekimenari lotutako irudia | Argazkia: Fagor
2026eko martxoaren 25a - 14:55

Fagor kooperatiba taldeak 3,1 milioi euro bideratu zituen iaz gizarte egitasmoetara. Debagoienean (Gipuzkoa) gelditu zen gizarte funtsaren zatirik handiena (1,8 milioi euro), taldeko kooperatiba gehienek bertan baitituzte egoitza nagusiak. Halaber, barne ekimenak (810.000 euro), nazioarteko elkartasunean ari diren eragileak (314.000 euro) eta Euskal Herri mailako bestelako egitasmoak (144.000 euro) lagundu zituen Fagorrek.

 

Debagoiena 2030 iraunkortasun sareari lotutako zenbait iniziatiba lagundu zituen (785.000 euro), eta ekarpenak egin zizkien hainbat hezkuntza zentrori (785.000 euro).

Kooperatibetako euskara planak, lanerako bidean mugikortasun iraunkorra bultzatzeko Fagor Mugi eta kooperatibetako kideak gizarte ekimenetan inplikatzeko Fagor Elkar ekimena ere bultzatu zituen.

 

“Kooperatiba taldea garen heinean, funtsezkoa da komunitatearekin dugun lotura hertsiari heltzea. Konpromiso horrekin jarraitzen dugu, askotariko ekimenak laguntzen eta horietako zenbaitetan aktiboki parte hartzen, gizarte moduan ditugun erronketan gure alea jartzen. Interkooperaziotik egiten dugu hori guztia, jakinik elkarrekin egindako bideak emaitza emankorragoak dituela epe luzera”, adierazi du Aritz Otxandiano Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak.

Fagorreko komunitateaz harago, esan bezala, 144.000 euro bideratu zituen Euskal Herri mailako ekimenetara. Esaterako, 120.000 euro banatu zituen Fagor Herrigintzaren bidez. Era berean, garapen bidean dauden herrialdeetan garapen komunitarioa sustatzen duen Mundukide Fundazioari 304.000 euroko ekarpena egin zion.