
2000. urtean hasitako Familia Enpresen Jardunaldiak izan ziren atzo Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean. Deusto Business Schoolek eta Antonio Aranzabal fundazioak antolatutako ekitaldian, familia enpresek etorkizuneko proiektu bezala izan dezaketen rola aztertu zuten mahai-inguru batean Iñigo Guinea GHI Smart Furnaces enpresako gerenteak, José Manuel Echarri Echemarreko gerenteak, eta Isabel Sánchez Delaviuda Confectionery Group taldeko kontseilari ordezkariak.
Hausnarketarako espazio izateaz gain, Antonio Aranzabal Sariaren banaketa egin zuten. Aurten, BH Taldeko Beistegui familiak jaso du. BH 1909. urtean sortu zuten Eibarren Juan eta Cosme Beistegui anaiek arma fabrika gisa, baina bizikleta mundura egin zuten salto ondoren, eta 1950ko hamarkadatik Gasteizen dute egoitza nagusia. Sari honen bitartez, aitortza egin nahi izan diote enpresaren ibilbideari, "espiritu berritzaileari eusteko gai izan delako lau belaunalditan", horretarako "nazioartekotzea" eta "berrikuntza" baliatuta.
Era berean, familia enpresetan praktikak sustatzeko egitasmoa aurkeztu dute Antonio Aranzabal Fundazioak, Rural Kutxak eta Deusto Business Schoolek, Familia Enpresa eta Talentua Praktikak izenekoa, "lurraldean errotutako" familia enpresak balioan jarri eta gazteei aukerak eskaintzeko.