• ENPRESAK GAUR
  • Feel My Wayren erronka: ikas-bidaiak euskaraz eskalatzea, gertutasuna galdu gabe

Feel My Wayren erronka: ikas-bidaiak euskaraz eskalatzea, gertutasuna galdu gabe

Ikas-bidaietan espezializatutako euskal kooperatibak Gipuzkoako ikas-bidaien merkatuaren %20 inguru kudeatzen du, eta orain arte 18.700 gazte baino gehiagorekin egin du lan

Nora Kortaberria, Xuban Albizu eta Aintzane Agirre dira Zestoako kooperatibaren sortzaileak | Argazkia: utzita
Nora Kortaberria, Xuban Albizu eta Aintzane Agirre dira Zestoako kooperatibaren sortzaileak | Argazkia: utzita
Helena Menayo
Komunikazioan aditua
2026ko uztailaren 6a - 05:30
Eg. 2026ko uztailaren 6a - 09:19

Feel My Wayren historia ez zen bidaia-agentzia bat sortzeko plan zehatz batekin hasi. 2015ean, LEINN graduaren testuinguruan, gaur egungo hiru sortzaileek (Nora Kortaberria, Xuban Albizu Martija eta Aintzane Agirre) hiru proiektu ezberdin zituzten esku artean. Bakoitzak bere abiapuntua zuen, baina intuizio bera partekatzen zuten: gazteekin lan egiteko beste modu bat zegoela, eta bidaiak aukera izan zitezkeela esperientzia hezitzaile, kolektibo eta ahaztezinak sortzeko. Hasieran bide bereiziak zirenak, pixkanaka, aliantza bihurtu ziren.

 

Aliantza horren atzean ez zegoen ilusioa soilik. Merkatu-irakurketa bat ere bazegoen. Hiru proiektuek adin-tarte berari begiratzen zioten, antzeko beharrei erantzun nahi zieten eta egitura profesionalagoa behar zuten. Hortik sortu zen proiektu bakar batean elkartzeko aukera. 2018an eman zuten jauzi nagusia: hasierako hiru intuizio haiek negozio eta egitura kooperatibo bihurtu zituzten. Horrela jaio zen Feel My Way, gaur egun ikas-bidaietan espezializatutako euskal kooperatiba.

Gaur egun, Gipuzkoako ikas-bidaien merkatuaren %20 inguru kudeatzen du, eta orain arte 18.700 gazte baino gehiagorekin egin du lan. Datu horiek erakusten dute Feel My Way ez dela jada hasierako proiektu esperimentala: ikastetxeekin, familiekin eta gazteekin harreman zuzena duen eragile finkatua da. Hala ere, Nora Kortaberriak argi du kooperatibak ez duela puntu horretan gelditu nahi: “Helburua argia da: hiru urtetan Euskal Herriko erreferente izan nahi dugu. Ez soilik hazkundeagatik; antolakuntza modua aldatu nahi dugu, berrikuntzak txertatu, gaur egiten duguna zalantzan jarri eta hobetu”.

 

Esaldi horrek ondo azaltzen du Feel My Wayren gaur egungo unea. Erronka ez da bidaia gehiago saltzea bakarrik, orain arte eraikitako eredua sendotzea eta eskalatzea baizik. Ikas-bidaien sektorea tradizionalki logistikarekin lotu izan da: helmugak, hotelak, garraioa, aseguruak eta prezioak. Feel My Wayk, ordea, beste leku batean kokatu nahi du bere balioa. Haientzat ikas-bidaia ez da produktu turistiko soil bat; gazteek autonomia, harremanak, hizkuntza eta mundua bizitzeko modua lantzen dituzten esperientzia bat da.

Ikas-bidaien inguruko gida, aholku eta baliabide gehienak gaztelaniaz zeuden; euskarazko eskaintza, berriz, askoz urriagoa zen

Hori da Feel My Wayren bereizgarri nagusietako bat: prozesu osoan laguntzea. Bidaia aurretik, ikastetxeekin eta familiekin konfiantza eraiki behar da, talde bakoitzaren beharrak ulertu eta proposamena egokitu. Bidaian zehar, segurtasuna, gertutasuna eta erantzuteko gaitasuna bermatu. Ondoren, bizitako esperientziari jarraipena eman. Haien ikuspegian, ikas-bidaia ez da egun batzuetako zerbitzua, aurretik hasi eta ondoren ere luzatzen den prozesua baizik.

Prozesu horretan, euskarak leku zentrala du. Sektorean hutsune argi bat ikusi zuten: ikas-bidaien inguruko gida, aholku eta baliabide gehienak gaztelaniaz zeuden; euskarazko eskaintza, berriz, askoz urriagoa zen. Horregatik, euskara ez da komunikazio-tresna huts bat. Zerbitzuaren parte da: ikastetxeekin harremana, familiekin komunikazioa, bidaiaren prestaketa, begiraleen lana eta jarraipena euskaraz egiteko gaitasuna eskaintzen dute.

IMG 6497 (3)
Argazkia: utzita

Hor kokatzen da Feel My Wayren lekua gaur egungo eskaintzan: ez du prezioan edo helmuga katalogo batean lehiatu nahi soilik, ikastetxeentzat eta familientzat konfiantzazko bidelagun izaten baizik. Gazteentzat bidaia bat ez da helmuga batera iristea bakarrik; beren hizkuntzatik eta erreferentzietatik mundua bizitzeko aukera ere bada. Ikas-bidaia ahaztezina izan dadin, antolaketa, hizkuntza, segurtasuna eta gertutasuna maila berean zaindu behar direla defendatzen dute.

Segurtasunaren auziak berebiziko pisua hartzen du adin txikiko nerabeekin lan egiten denean. Ikasleentzat, ikas-bidaia askatasunaren lehen esperientzietako bat izan daiteke; familientzat eta ikastetxeentzat, berriz, konfiantza eta ardura kontua da. Zer gertatuko da ezustekoren bat badago? Nork erantzungo du? Nola zainduko da taldea? Kortaberriak elkarrizketan azpimarratzen duenez, "esperientzia ahaztezina izateko lehen baldintza segurua izatea da; bestela, bidaia ahaztezina izan daiteke, baina zentzu txarrean".

Horregatik, Feel My Wayren lanaren zati handi bat ez da lehen begiradan ikusten. Helmuga edo programa bezain garrantzitsuak dira protokoloak, komunikazioa, begirale taldea eta ezustekoei erantzuteko gaitasuna. Begiraleak ez dira osagarri logistiko bat: gazteen, irakasleen eta kooperatibaren arteko zubia eta bidelagun dira, eta esperientziaren kalitatean zuzenean eragiten dute.

Nora Kortaberria: "Parte-hartzea ondo bideratzen ez bada, kaosa sor daiteke; ondo egituratuz gero, ordea, inplikazioa eta lanaren zentzua indartu daitezke"

Orain, sistema hori eskalatzea da kooperatibaren erronka. Horretarako, Feel My Way aholkulari talde espezializatu batekin ari da lanean negozio eredua, barne antolaketa eta kudeaketa modua berrikusteko. Eguneroko operatibak estrategia irensteko arriskua du: bidaiak ixtea, ikastetxeei erantzutea, familiekiko harremana zaintzea eta arazoak konpontzea. Kanpoko begirada horrek aukera eman die galdera estrategikoagoak egiteko: nola hartu erabakiak, nola banatu ardurak, nola neurtu hazkundea eta nola bihurtu eskalagarri gertutasunetik eraikitako eredua.

Kooperatiba izaerak ere badu zerikusia erronka horrekin. Feel My Wayrentzat kooperatiba ez da forma juridiko hutsa; proiektua partekatzeko, erabakiak hartzeko eta barne kultura zaintzeko modua da. Baina hazteak egitura eskatzen du: "Parte-hartzea ondo bideratzen ez bada, kaosa sor daiteke; ondo egituratuz gero, ordea, inplikazioa eta lanaren zentzua indartu daitezke" komentatu du Kortaberriak. Hor dago hurrengo urteetako koska: Euskal Herriko erreferente bihurtzea, baina bere bereizgarriak dekoratu bihurtu gabe.

Azken batean, Feel My Wayren erronka ez da merkatu-kuota handitzea bakarrik. Bere lekua sendotu nahi du ikas-bidaien eskaintzan, baina argi utzita zerk egiten duen ezberdin: prozesu osoan laguntzea, dena euskaraz egitea, segurtasuna erdigunean jartzea eta gazteen esperientzia hezitzailea zaintzea. 2015ean LEINNen sortutako hiru proiektu haiek kooperatiba bakar bihurtu ziren; orain, kooperatiba horrek galdera handiago bati erantzun nahi dio: nola hazi, norberaren izaerari uko egin gabe.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain