“Balantze positiboa, bai alde kualitatiboari, bai kuantitatiboari dagokionez”. Hala definitu du Ficobak 2025eko ekitaldia, eta Gipuzkoako ekipamendu sozioekonomiko “nagusienetako bat” izaten jarraitzen duela berretsi du erakundeak. Urtean zehar azokak, jardunaldiak, kongresuak zein ikuskizunak antolatu dira erakustazokan, eta “argi geratu da aktibitate bizia” duen gunea dela.
Orotara, 270 jardunaldi izan ditu Ficobak: 112 bilera edo kongresu, 75 azterketa deialdi, 65 ekitaldi zein ikuskizun, eta 18 azoka eta erakusketa. Egitasmo guzti horietara bertaratu dira, guztira, 191.000 lagun baino gehiago: 2024an baino %31 pertsona gehiago. Horrenbeste ekitaldirekin, gunea okupatuta egon da 336 egunetan. “Gure azoka-guneak kalitate-estandar gorenak ditu jardueren antolaketari dagokionez, eta emaitzek berresten dute proiektua erabat arrakastatsua dela”, azaldu du Cristina Laborda Irungo alkate eta FIcoba Fundazioko buruak.
Ekonomikoki ere hazkundea izan du erakustazokak: 2,22 milioi euroko irabaziak izan ditu, eta behin ekitaldia itxi eta kontuak orekatuta, %2,5eko saldo positiboa izan du. “Argi ikus daiteke kudeaketa-eredua sendoa dela eta jarduerak jasangarriak direla”, azpimarratu dute. Era berean, Ficobak inpaktu ekonomikoa izan du lurraldean: 44,6 milioi eurokoa. Eskualdeko lehiakortasunean ere eragina izan duela gehitu dute Ficobakoek, talentuari, kualifikazioari eta ekoizpen-sektoreei lotu dauden ekimenen bitartez.
Erakustazokak hamabi jarduera nabarmendu ditu, bai formatu berriak direlako, bai “antolaketarako erronka bereziak” izan direlako: Burger Fest, Gureak erakundearen 50. urteurrena, Nazioarteko Txakur Erakusketa edota Twing Raid lasterketa dira horietako batzuk.
Jakes Aguirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak zein Amaia Arregi Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko zuzendari nagusiak adierazpenak egin dituzte 2025eko ekitaldiko emaitzen gainean. Lehenengoak Ficobak Gipuzkoako ehun ekonomikoaren barruan duen “garrantzia estrategikoan” egin du azpimarra; bigarrenak gaineratu du erakustazokak “aberastasuna, lana eta aukerak sortzen” dituela.