Telefono eta kamera egonkor batekin, Formakek kokorikatze batetik jauzi bateraino azter dezake. Daiarken lehen produktua da, Julen Sologaistoak (27 urte) eta Ibai Gómezek (26 urte) 2026ko otsailean sortu zuten ingeniaritzako start-upa. Horren helburua da analisi biomekanikoa kliniketara, entrenamendu-zentroetara eta kirolariengana hurbiltzea, eta teknologia hori kirol- eta osasun-esparru gehiagotara eramatea.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Daiarken ideia 2025eko maiatzean hasi zen eratzen, Eibarko bi lagunak enpresa bat sortzeaz hitz egiten hasi zirenean. Sologaistoak 3D grafikoei eta datu sintetikoei buruzko bere ezagutzak ingurune industrialetarako ereduen entrenamenduan aplikatu nahi zituen. Gertuko enpresa batekin egindako proiektu bati esker, bide hori aztertu ahal izan zuten biek ala biek hainbat hilabetez, eta ondoren, urratsa eman eta konpainia eratzea erabaki zuten.
Gómez: "Laguntza publikoak ez dira asko egokitzen enpresaren benetako beharretara"
Daiarkek industriari aplikatutako adimen artifiziala, neurrira egindako softwarea, automatizazioa eta robotika, CAD diseinua eta simulazioak lantzen ditu. Programak eta hardwarea gara ditzake, eta orain arte, batez ere beste enpresa batzuentzako proiektuetan zentratu da. Formakekin, berriz, erabiltzaileengana zuzenean iristea bilatzen du start-upak.
Autofinantzaketa izan da bidea, diotenez. Gomezen ustez, laguntza publikoak ez datoz bat beti enpresa teknologiko txiki baten errealitatearekin: "Laguntzak ez dira asko egokitzen enpresaren benetako beharretara". Gainera, dirua aurreratu behar izatea eta zati bat dirulaguntzaren bidez aurrerago berreskuratuko delakoan egotea arriskutsua izan daiteke ekiteko orduan, azaldu du.

Mugikorraren kamerarekin bakarrik entrenamenduak hobetzea
Posea eta biomekanika zenbatesteko tresnekin esperimentatzetik sortu zen Formak. Erabiltzaileak ariketa bat ohiko mugikor batekin grabatu eta bideoa web-aplikaziora igotzen du, analisia egiteko. Plataformak posea estimatzen du eta mugimendua aztertzeko tresnak eskaintzen ditu, markatzailerik eta sakontasun-kameren sistema konplexurik gabe.
Emaitza onak lortzeko, sortzaileek gomendatzen dute kamera modu egonkorrean jartzea, gorputzarekin kontrastea egiten duen fondo bat erabiltzea gorputza osorik ikus dadin eta ariketan zehar ezkutuan gera ez dadin saiatzea. Tripode bat eta angelu egoki bat nahikoa izaten dira.
Plataforma bereziki klinikei eta entrenamendu-zentroei zuzenduta dago, baita entrenatzaile eta kirolari aurreratuei ere
Produktua txirrindularitzan eta triatloian oinarritu zen hasieran, baina Daiarkek erresistentzia-kiroletara, gimnasiora, halterofiliara eta pilota-kiroletara zabaldu du bere irismena. Deskribatzen dituzten funtzioen artean daude jauziak eta hegaldi-denborak aztertzea, pilota baten abiadura neurtzea eta ariketa jakin batzuetan desplazamendua eta potentzia neurtzea. "Edozein kiroletarako erabili ahal izatea nahi dugu", laburbildu du Sologaistoak.
Plataforma bereziki klinikei eta entrenamendu-zentroei zuzenduta dago, baita entrenatzaile eta kirolari aurreratuei ere. Formak harpidetza bidez eskainiko da, eta enpresentzako tokiko integrazioa ere aurreikusten du. Aurrerago, esperientzia errazago bat garatu nahiko lukete hain espezializatuak ez diren erabiltzaileentzat, saioak partekatu eta emaitzak konparatzea errazteko, baita errehabilitazioan eta lesioen jarraipenean aplikazioak esploratzeko ere. Adinekoen erori-arriskua ebaluatzeko aukerak ere ikusten dituzte.
Adimen artifiziala, ekintzailetza aukera
Adimen artifizialak produktuak eraikitzeko modua aldatu du, sortzaileek diotenez. Lehen lantalde handiagoak eskatzen zituzten tresnak talde txikien eskura egon daitezke orain. Haien ustez, programazioko ohiko zereginak automatizatzen diren bitartean, pisu handiagoa hartzen du behar jakin bat identifikatzeak, produktua ondo definitzeak eta haren arkitektura diseinatzeak. "Orain, gakoa ideia on bat izatean, merkatu-nitxo on bat aurkitzean eta arkitekturaren ikuspegi global bat izatean datza", dio Gomezek.
AAren balizko burbuila baten inguruko eztabaidari dagokionez, justifikatzeko zailak diren enpresa-balioespen batzuk eta egiazkotzat eta iraunkortzat jotzen duten teknologia bat bereizten dituzte. Eredu irekietan aukerak ikusten dituzte, eta uste dute Europak produktu erabilgarriak gara ditzakeela beste leku batzuetan sortutako ereduak baliatuz. Aldi berean, datuetarako sarbidean eta konputazio-gaitasunean oztopoak daudela adierazten dute, baita arau-esparrua, Europa atzean uzten ari dena AAren ibilbidean.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta