Funcor izango dute hizpide ekainaren 4ean Elorrion

Euskal Herriko eredu kooperatiboaren hazia izan zen Funcor Elorrioko kooperatiba. Galdategia edota nekazal makinaria saltzeko fabrika izatetik, euskal kulturan ardatz izan diren proiektuen sustatzaile izatera pasa zen. Bere izaera ertz ezberdinetatik ezagutzeko jardunaldia antolatu dute

Jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoa. Argazkia: Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkartea
Jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoa. Argazkia: Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkartea
2022ko maiatzaren 30a - 08:17
Eg. 2025eko apirilaren 7a - 08:58

Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak Funcor kooperatiba izan zena aztertzeko jardunaldia antolatu du ekainaren 4ean. Elorrioko Udala, Laumunarrieta Elkartea eta Gerediaga Elkartea dira jardunaldien laguntzaile.

 

Jardunaldian Funcor izan zena aztertuko dute. Izan ere, hasiera batean galdategia edota nekazal makinaria saltzeko fabrika izan zena Euskal Herriko gizartean aintzindari izango ziren proiektuen sustatzailea ere izan zen.

1955etik aurrera, Euskal Herrian hainbat proiektu kooperatibista jarri ziren abian, eta giro horretan sortu zen Elorrion Funcor kooperatiba. Funcor, batetik, galdategia izan zen, eta bestetik, nekazal makinaria ekoizten zuen kooperatiba. Atzerrira teknologia esportatu zuen Espainiako estatuko lehen enpresa izan zen. Bere jarduna, baina, oparoagoa izan zen. Euskal Herriko lehenengo doako ikastola sortu zuen, eta ondoren ikasketak egiten laguntzeko bekak eman ere bai. Garai hartan, Suedian zutenaren moduko gizarte laguntza autogestionatu sistema osatu zuten. 

 

Kultur munduan ere bere alea utzi zuen. Jorge Oteizaren asmoekin bat eginda, umeei zuzenduta artearen esperimentaziorako unibertsitatea abian jartzeko saiakera egin zen Elorrion. Ama lur (1968) filmearen finantziazioan ere zeresana izan zuen, eta Elorrioko Arriola antzokiaren sorreran egin zuen ekarpena. 1960ko hamarkadan, Funcorri esker, Elorriok txirrindulari talde profesionala izan zuen. Azpimarratzekoa da, gainera, Funcor Laboral Kutxaren sorreran izan zela.  

Andoni Esparza Gallastegik sortu zuen Funcor Elorrion 23 urte zituela. Aurten betetzen dira 10 urte hil zela. Enpresa familia baten hazitakoa, bizitza osoan zehar enpresa proiektu ugari sustatu eta lagundu zituen. Esparzaren ideia kooperatibismo herrikoi bat egitea izan zen: herrian ardatza jarrita, teknologian eta ekonomian ez ezik, kulturan eta hezkuntza ere indarrak jarri behar zirela sinistuta lan egin zuen.  

1970eko hamarkadara arte iraun zuen Andoni Esparzaren proiektuak. Durangoko epaitegian kereila kriminala jarri zuten diru erabilera desegokia leporatuta. Epaile titularrak atzera bota zuen arrazoi nahikorik ez zegoela argudiatuta. Bigarren kereila bati erantzunez, behin-behinean kartzela zigorra jarri zion ordezko epaileak. 1979an epaiketa izan zen, eta salatutako guztiak absolbitu egin zituzten.  

Funcor izan zena ezagutzeko jardunaldia

Ekainaren 4ean, goiz bateko jardunaldian, Funcor izan zena ezagutzera emateko hainbat hitzaldi labur izango dira. Andoni Esparza Gallastegi sortzailearen profila eta Funcorrek abian ipinitako askotariko ekimenak aipatuko dira.

Jardunaldia Elorrioko Iturri Kultur Etxean izango dira, goizeko 10:30ean. Izena ematea beharrezkoa da [email protected] emailaren bitartez edo 946818066 telefonora deituz. 

Andoni Aizpuruk aurkeztutako hitzaldi laburrak izango dira. Hauek dira hitzaldiak eta hizlariak:

  • “Funcor. Zer gertatu zen?” - Andoni Basabe  
  • “Andoni Esparza y Funcor. La persona y su obra” - Julia Itoiz  
  • “Funcor ikastetxea eta “Credito al honor” - Iñigo Agirre  
  • “Elorrioko Eskola Esperimentala. Proiektu pedagogiko esperimental bat” - Mikel  Onandia  
  •  “Funcor: Txirrindularien lantegia” - Rikardo Ajuria  
  • “Funcor eta Mondragon, bi eredu kooperatibo kontrajarriak” - Jabier Lertxundi  

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain