Fusio hotsak MasMovilen

Masmovil, Guuk eta Euskaltelen jabea, eta Orangeren arteko fusioa aurki gauzatu liteke

Argazkia: Xataka
Argazkia: Xataka
Niko Cuenca Beristain
Analista ekonomikoa. EnpresaBIDEAko aholkularia
2022eko apirilaren 27a - 05:30

Telekomunikazioan merkatuan ez da giro. Teknologia aurrerapenen erritmoari eusteko geroz eta inbertsio gehiago egin behar dira eta horrek  errentagarritasuna lortzea zailtzen du. Konpainia nagusien finantzen egoerak konplikatuak dira eta Movistar, Orange eta Vodafonek lan erregulazio espedienteak abian jarri dituzte 3.500 lagun kaleratzeko. Egoera zailaren balizko irtenbideen artean batze prozesuen aukerak indarra hartu du azken hilabateotan. Andoainen sortutako Masmovil Taldea kiniela guztietan agertu ohi da balizko erosle edo partaide bezala.

 

2019an lehen aldiz izan genuen Masmovil Taldea eta Vodafoneren arteko balizko bat egitearen berri baina azkenean ez zen gauzatu. Masmovilek 2021ean Euskaltel erosi zuen 2.000 milioren truke EEP ( Erosketa Eskaintza Publiko ) baten bitartez. Eragiketa horrek bere gosea asetuko zuela uste bazen ere 2022ko urtarrilean Vodafonerekin batzearen aukera berriro zabaldu zuten komunikabide espezializatuek.

Azkenean, ordea, Masmovilek dantza bikotea aldatu egin du. Martxoan jakin genuen Orange eta Masmovil negoziatzen hasi zirela Espainian dituzten negozioak batzeko; helburua bi operadoreen artean %50ean osatutako joint venture egitura sortzea litzateke. Biek batuta Espainiako merkatuan nagusitasuna lortuko lukete, lehen telefonia operadorea bihurtuta. 

 

Fusioa azkenean gauzatuz gero ,azken hamarkadetan Espainiako telekomunikazioen alorrean egin den fusiorik handiena izango litzateke: Vodafonek 2014an Ono erosi zuen, 7.200 milioirengatik eta 2015ean, Orangek Jazztel ,3.300 milioi euroren truke erosi zuen.

Gaur Orangeko kontseilari delegatuak, Jean François Fallacherek, lehen hiru hilekoen emaitzak aurkeztu ditu. Konpainiak 1.132 milioi euroko fakturazioa izan du, iaz baino % 4,6 gutxiago. Emaitza txar hauek, hala ere, ez dute aldatu Orangek Masmovilekin batzeko duen asmoa.

Etorkizuneko Euskaleten errotzea zalantzan

Etorkizuneko asmoen berri ere eman du Fallacherek: bat egitearen kontrol osoa hartzea. Bi konpainiek martxoan sinatu zuten akordioak akzioak saltzeko eskaintza publikoa jaulkitzea jasotzen zuen ,bi aldeek adostutako baldintzapean. Orangek burtsaratze horren ondorioz sortutako enpresaren kontrola hartzeko eskubidea ere jasota zegoen akordioan. Atzoko agerraldian Espainiako merkatuan jarraitzeko asmoa azaldu du. Urte batzuk igarota fusioan kontrolatzen ez duen gainontzeko % 50 erosteko eskubidea ere azaldu zuen. Honek ezbaian utzi lezake egun Euskaltek Euskal Herrian duen errotzea. 

Martxoan Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak , ziurtatu zuen Masmovilek agindu ziola Euskaltel markari eta enpresaren egiturari eutsiko ziela , Bizkaian egoitza eta lantaldea mantenduz gutxienez 2026. urtera arte. Orangek etorkizunean kotrol osoa hartuko balu konpromiso hori mantenduko den ikusteko dago. Masmovil, izatez, Andoainen sortutako enpresa da baina gaur egun egoitza Madrilen du. KKR , Civen eta Providence inbertsio funtsak dira Masmovilen egungo jabeak.

Orange eta Masmovilen arteko fusioaren zuzendaritza oraindik zehaztu gabe dago. Litekeena da kontseilari ordezkaria Meinrad Spenger izatea, Masmovil egungo kontseilari ordezkaria eta Orangek finantza zuzendaria eta kontseiluko presidentea izandatzea. Fusioa erabat itxi arte, baina, ez da erabaki sendorik izango.