Euskarak eta nazioarteko proiekzioak elkarrekin egin dezakete bidea Gaiaren jardunean. Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen Elkartea da, euskal teknologia eta ezagutza aplikatuaren sektoreko enpresak biltzen dituen erakundea. 311 bazkide ditu, eta sektorearen lehiakortasuna eta eraldaketa digitala sustatzea ditu helburu. Gaiako Zuzendaritza Batzordeko Eli Pombok azaldu duenez, erronka ez da hizkuntza bakarra lehenestea, jardunaren errealitatera egokitutako eleaniztasuna kudeatzea baizik.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Izan ere, Gaiaren eguneroko jardunean euskara, gaztelania eta ingelesa erabiltzen dituzte bereziki, proiektuen izaeraren eta hartzaileen arabera. Elkarteak Euskal Herriko ekimenetan ez ezik, Espainiako Estatuko eta nazioarteko proiektuetan ere parte hartzen du; horrek hizkuntza desberdinetan komunikatzeko beharra sortzen du. Gaur egun, euskararen eta gaztelaniaren arteko elebitasuna bermatzen dute euskarri eta kanal digitaletan, baita enpresa bazkideei zuzendutako komunikazioetan ere. Pomboren hitzetan, "Gaiaren helburua euskararen presentzia handitzea eta horretan lanean jarraitzea da".
2023an, Langunek, Euskal Herriko hizkuntza-industrien elkarteak, Gaiarekin bat egin zuen. Bat-egite horrek euskararen presentzia indartzeko eta hizkuntza-teknologien inguruko lankidetza sustatzeko aukerak zabaldu ditu. Horrela, hizkuntza-industrien ezagutza eta Gaiaren sare teknologikoa elkartzeko bidea ireki da, euskararen erabilera errazteko baliabideak eta ekimenak bultzatzeko.
Hizkuntzak kudeatzeko malgutasuna
Euskara eta gainerako hizkuntzak kudeatzeko, Gaiak malgutasuna du oinarri: komunikazio bakoitza hartzailearen beharretara eta ezaugarrietara egokitzen saiatzen da. Oraingoz, ez dauka euskararen erabilera arautzen duen plan zehatzik, ezta irizpide guztiak jasotzen dituen dokumenturik ere; halere, arlo horretan lan egiteko asmoa du. Gaztelaniak eta ingelesak pisu handia dute, proiektu askok Euskal Herriko mugak gainditzen dituztelako. Horrek ez du, ordea, euskararen sustapena baztertzen. "Euskararen erabilera sustatzea eta, era berean, beste hizkuntzekin lan egitea, hau da, eleaniztasuna, sektorearentzat balio erantsia da", nabarmendu du Pombok.
Eli Pombo: "Euskararen erabilera sustatzea eta, era berean, beste hizkuntzekin lan egitea, hau da, eleaniztasuna, sektorearentzat balio erantsia da"
Azken urteotan, garapen teknologikoari esker, hizkuntza-aniztasuna kudeatzeko eta euskararen erabilera errazteko baliabide gehiago sortu dira. Hala ere, Pombok azpimarratu du euskarak komunikazioetan presentzia izatea ez dela nahikoa; benetako erronka eguneroko lan-harremanetan hizkuntza modu naturalean eta ohikotasunez erabiltzea dela. Euskarak, gainera, enpresa-kulturari nortasuna eta tokiko balioekiko lotura ematen dizkio. "Euskararen erabilerak nortasun propio bat eta bertako balioak islatzen ditu", dio. Tokiko hizkuntzari lekua egitea lehiakortasun faktorea ere bada; berrikuntza eta nazioartekotzea ez dira euskararen aurkakoak. Horrela, hizkuntza-aniztasuna ondo kudeatzeak erakundeen gaitasun lehiakorra indartzen du, tokiko errealitateari uko egin gabe.
Euskararen presentziatik eguneroko erabilerara
Euskararen erabilera areagotzeko oztopo nagusietako bat proiektuen izaera da: lankidetza asko Estatukoak edo nazioartekoak dira, eta horietan euskara erabiltzea ez da beti posible edo lehentasunezkoa. Teknologiaren sektorean, gainera, ingelesa oso presente dago, bereziki adimen artifizialean, zibersegurtasunean eta softwarearen garapenean. Gaiaren erronka, ordea, ez da soilik kanpora begirako komunikazioetan elebitasuna bermatzea. Komunikazio instituzionaletatik harago, barne-erabileran, dokumentazio teknikoan eta harreman profesionaletan ere txertatzea dute helburu. Horretarako, terminologia espezializatua eta baliabide egokiak izatea funtsezkoa da.
Aurrera begira, adimen artifizialak eta teknologiak aukera berriak irekitzen dituztela uste du Gaiak, eta Languneren bidez hizkuntza-teknologien inguruko lankidetza eta euskarazko ingurune digitalak aztertzeko bidea ikusten du. Era berean, bazkideekin elkarlana sendotzea eta euskararen erabilera sustatzeko urrats berriak ematea dute xede.
Indeus, elkarlanerako eta neurriak partekatzeko gunea
Gaiak Indeus sarean parte hartzen du. Euskararen erabilera sustatzeko ekimen nagusietako bat da: euskal enpresa eta industria sarearekin lankidetzan aritzeko, esperientziak partekatzeko eta ekimen berriak ezagutzeko aukera ematen dio. Pomboren arabera, Indeus "lankidetza gune bat" da, eta hizkuntza-kudeaketa ikuspegi praktiko eta kolaboratibo batetik lantzen laguntzen du: administrazio publikoak, enpresak, zentro teknologikoak eta klusterrak elkartzen ditu, zailtasunak identifikatu eta irtenbideak bilatzeko.
Eli Pombo: "Indeusek aukera ematen du euskararen sustapena enpresa bakoitzaren ekimen isolatua izan beharrean, sektore osoaren ahalegin bateratua izateko"
Gauzak hala, klusterrak sareko hainbat erakunderen esperientziak ditu erreferentziatzat. Horietako batzuek euskara beren kultura korporatiboan, lan-prozesuetan eta harreman profesionaletan txertatzeko urrats esanguratsuak egin dituzte. Pomboren ustez, esperientzia horiek erakusten dute "euskararen erabilera bateragarria dela berrikuntzarekin, lehiakortasunarekin eta nazioarteko proiekzioarekin". Horregatik da garrantzitsua Indeus: jardunbide egokiak partekatzeko, beharrei erantzuteko eta euskararen sustapena erakunde bakoitzaren ahalegin isolatua izan ez dadin. "Indeusek aukera ematen du euskararen sustapena enpresa bakoitzaren ekimen isolatua izan beharrean, sektore osoaren ahalegin bateratua izateko", ondorioztatu du Pombok. Gaiarentzat, hizkuntza-kudeaketa ez da komunikazio-kontu hutsa, enpresa-estrategiaren eta etorkizun digitalaren parte baizik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta