
Jakintza industrien eta teknologia aplikatuen enpresentzat "urterik onena" izan da 2021. Hala jakinarazi du Gaia Klusterrak, sektoreari lotutako Euskadiko elkarteak, bihar egingo duen urteko Batzar Nagusiaren atarian. Aurkezpenean parte hartu dute Elena Zarraga elkarteko presidenteak, Tomas Iriondo zuzendari orokorrak, Maria Antonia Muguerza diruzainak eta Oihana Arrieta Enpresa Aliantzetako arduradunak.
Aurkeztutako datuen arabera, sektoreko fakturazioa 5.724 milioi eurokoa izan da iaz, 2020tik % 7 handituta. Gainera, datuak "are hobeak" izan zitekeela nabarmendu dute, egoeragatik izan ez balitz. Presidentearen hitzetan, datuok pandemia aurrekoak baino "askoz hobeak" dira, eta agerian utzi dute sektorea "gure ekonomian erreferente" dela, etorkizunerako gakoak diren ezagutza eta teknologiak izatea "balio lehiakor" handikoa baita.
Sektoreko esportazioei dagokienez, 2,37 milioi ingurukoa izan da, % 6,3ko hazkundearekin, eta I+Gari lotutako inbertsioa 153 milioi eurokoa izan da, 2020an baino % 6,2 gehiagokoa. Gaiako bazkide kopuruak, ordea, behera egin du, % 2, eta 302 dira egun. Elkartearen hitzetan, enpresen integrazioaren emaitza dira.
Talentu beharra
Guztira, 22.039 langile izan ditu sektoreak 2021ean, aurreko urtean baino 1.300 enplegatu gehiago. Alegia, % 6,3 hazi da. Dena den, postuetarako profilak topatzea da sektoreko arazo nagusienetakoa. Zuzendari nagusiak dioenez, "zenbait postu betetzen ez diren sentsazioa dugu, baita zenbat bezerori behar besteko arreta ez jartzekoa ere". Hazkundea, haren ustez, handiagoa litzateke "giza kapital aproposagoa" izango balute. Era berean, etorkizunean sektoreak izan dezakeen erronka nagusia izaten jarraituko duela nabarmendu du, eta profesional kopuru bikoitza izateko gaitasuna izango luketeela gaineratu du. Gutxi gora behera, kubritu gabeko 1.000 eta 1.500 lanpostu daude, batez ere zibersegurtasunari, adimen artifizialari, informazioaren teknologiari edo adimen esperientzialari lotuta.
2022ra begira, hazten jarraituko dutela uste dute elkartetik. Fakturazioa % 7 eta % 10 bitartean handitzea espero dute, betiere Ukrainako gerrak, inflazioak, edo lehengaien kostuak oztoporik jartzen ez badu.