
Hamar urte bete dira Andoni Esparza Gallastegi hil zela, Funcor kooperatibaren sortzailea. Zerbitzu militarra amaitu berritan, 23 urte zituen Esparzak Funcor sortu zuenean. Enpresa familia batean hazitakoa, bizitza osoan zehar enpresa proiektu ugari sustatu eta lagundu zituen, beti kooperatibismoaren baloreak ardatz hartuta. Funcor (Elorrio) eta Euskaldunak (Martzilla) kooperatibak izan ziren bere enpresa ekimen garrantzitsuenak.
Hasiera hasieratik, Esparzaren ideia kooperatibismo herrikoi bat egitea izan zen, herrian ardatza jarrita, teknologian eta ekonomian ez ezik, kulturan eta hezkuntzan ere indarrak jarri behar zirela sinetsita egin zuen lan. 1955etik aurrera, Euskal Herrian zenbait proiektu kooperatibista jarri ziren abian eta giro horretan sortu zen Elorrion Funcor kooperatiba: industria ekoizpen eredu berri bat bultzatu asmoz, kapitala-lana dikotomia gaindituz eta kooperatibismoko kide guztien berdintasuna bilatuz. Era berean, gizartean aurreratua zegoen, bere jarduerak ez zituelako soilik lan-eremura mugatzen, irtenbideak bilatzen baitzituen espazio-ingurunearen gabezietarako ere. Euskal gizartera egokituta zegoen, bestalde, euskal errealitateari egindako ekarpena izan baitzen, bai arlo ekonomikoan, bai teknikoan eta baita hezkuntza- edota kultura-arloetan ere.
“Jarduerak ez zituen soilik lan-eremura mugatzen, irtenbideak ere bilatzen zituen espazio-ingurunearen gabezietarako ere”
Elorrioko sektore anitzetan
Funcor, nagusiki, galdategia batetik eta, bestetik, nekazal makineria ekoizten zituen kooperatiba izan zen. 1956an jarri zuten galdategia martxan. Urtebete igaro aurretik, instalazioak %75 handitu ziren eta lana bertan egiteko eskariak nabarmen igo ziren; hala, 100 langile ziren 1958an, 250 1960an, eta 400 izatera iritsi ziren 1960ko hamarkada amaieran. 1958an gainera, galdaketan aditua zen ingeniari bat ere kontratatu zuten, eta halaxe bermatu zuten burdinurtua kalitatezkoa izatea.
Behin hori lortuta, aukera berrien bila, 1958tik 1960ra bitartean, nekazaritzan oinarritutako merkatuaren bila hasi ziren. Horrela, 1965ean nekazal makinaria fabrika ireki zuten eta 1968tik aurrera hasi ziren nazioartekotzen: loturak egin zituzten Filipinak, Mexiko, Kuba, Ekuador, Paraguai, Portugal, Kuwait eta Arabiar Emirerri Batuekin.
“Nagusiki, galdategia batetik eta, bestetik, nekazal makineria ekoizten zituen kooperatiba izan zen”
Baina, Funcor galdategia eta nekazal makinaria fabrika baino gehiago izan zen. Euskarazko ikastetxea ere sortu zuten 1958an, eskola mistoa, doakoa eta euskaraz. Hasieran ikasle gutxi izan zituzten, 6-7 urteko 25 ume gela bakar batean. Bi urte geroago, 1960an, handitu egin zen ikasle kopurua: 8 urtera arteko 75 ikasle izan baitzituzten hiru gelatan banatuta. Ondoren, 1963an, eskaria hazten ari zela ikusita, Lehen Hezkuntza eta Oinarrizko Batxilergoa eskaintzen hasi ziren. Aitzindaria izan zen Elorrion, diktadura frankistaren garaian euskarazko irakaskuntza sortu zutelako, ez derrigorrezko hezkuntza bakarrik, baita oinarrizko lau batxilergoetan ere. Hala ere, 1969-1970 izan zen ikastetxearen azken ikasturtea.
Era berean, Funcor goi mailako ikasketak egiteko laguntzak ematen hasi zen lehenengoetakoa ere izan zen eta ematen zituzten ‘ohorezko kredituek’ unibertsitatera sarbidea ahalbidetzen zieten baliabide ekonomiko faltagatik ezin zutenei.
“Ikastetxea ere sortu zuten 1958an, eskola mistoa, doakoa eta euskaraz”
Baina, hezkuntzan bakarrik ez, kultur munduan ere bere alea utzi zuen kooperatibak. Jorge Oteizaren asmoekin bat eginda, umeei zuzendutako artearen esperimentaziorako unibertsitatea ere sortu zuten 1960ko hamarkada erdialdean, diktadura frankista betean eta euskal kulturaren pizkundearen testuinguruan. Jose Antonio Sistiaga eta Esther Ferrer artistek Célestin Freinet pedagogo frantsesaren lana abiapuntu hartuta jarri zuten martxan Elorrioko Arte Eskola Esperimentala, ekimen labur bezain aurreratua.
Hala ere, arte eskolaz gain, Ama Lur (1968) euskarazko lehen film luzea ere finantzatu zuen Funcorrek, eta Elorrioko Arriola antzokiaren sorreran ere egin zuen ekarpena.
Eta kirolean, berriz, Funcorri esker, Elorriok txirrindulari talde profesionala izan zuen 1961-1962 urteetako denboraldian. Urte biko ibilbide oparoa izan zen.
“Durangoko epaitegian kereila kriminala jarri zioten diru erabilera desegokia leporatuta”
Dena den, 1970ean bere jarduna amaitu zen Funcorrek. Salaketak eta epaiketa izan ziren tarteko. Durangoko epaitegian kereila kriminala jarri zuten diru erabilera desegokia leporatuta. Epaile titularrak atzera bota zuen, ordea, arrazoi nahikorik ez zegoela argudiatuta. Hala ere, bigarren kereila bati erantzunez, behin-behinean kartzela zigorra jarri zuen ordezko epaileak. 1979an epaiketa izan zen eta salatutako guztiak absolbitu egin zituzten, zigorra kendu zieten.
Funcorren amaierak polemika eta urteetako mina eragin zuen Elorrion. Bukaera gogorra kooperatibismoaren hazietako batentzat.