• ENPRESAK GAUR
  • Garibaldi enpresa arduratuko da Arabako paper eta kartoi bilketaz

Garibaldi enpresa arduratuko da Arabako paper eta kartoi bilketaz

Datozen zortzi urteetan eskainiko du zerbitzua Garibaldik

Daorje enpresaren lekukoa hartuko du Garibaldik | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Daorje enpresaren lekukoa hartuko du Garibaldik | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2025eko abuztuaren 19a - 12:58

Garibaldi enpresa gaur bertan hasi da paper eta kartoiaren bilketa zerbitzua eskaintzen, Daorje enpresaren lekua hartuta. Hala jakinarazi du gaur Arabako Foru Aldundiak, abuztuaren 1ean onartutako kontratu aldaketaren prozesua amaitu berri denean.

 

Hala, Garibaldi datorren zortzi urteetan zehar arduratuko da zerbitzua eskaintzeaz. Paper eta kartoiaren bilketa bermatzeaz gain, baliabide materialak berritzeaz (ontziak zein kamioiak) eta zerbitzua modu eraginkorrean kudeatzeaz ere arduratuko da konpainia. Gainera, urtero-urtero jarraipen txostenak egin beharko ditu, ibilgailuen ibilbideen inbentario-erregistro eguneratua mantendu beharko du eta ibilgailuak lokalizazio gailuekin hornitu beharko ditu.

Aldundiak gaineratu du datozen hilabeteetan aldaketak izango direla edukiontzietan, bilketa sistema modernizatzeko eta zerbitzu efizienteagoa eskaintzeko: “Gaur egun zerbitzu honi atxikita dauden 1.080 edukiontzi (bi kako dituen goiko karga sistemadunak) aldatu egingo dira: hemendik aurrera karga bertikaleko edukiontzi automatizatu eta bi aldeetatik erabilgarriak jarriko dira”, azaldu dute.