Gasa banatzeko sisteman hidrogenoa txertatzeko aukera ikertuko du Nortegasek

H2Sarea izeneko proiektua jarri du martxan horretarako, eta Zamudioko Parke Teknologikoan gauzatuko da

Gasa banatzeko sistema bat |Argazkia: Irekia Gasa banatzeko sistema bat |Argazkia: Irekia

Nortegas enpresak proiektu berria abiarazi du gasa banatzeko sarean hidrogenoa modu seguruan txertatzeko asmoarekin: H2Sarea. Egitasmoa garatzeko azpiegitura Zamudioko Parke Teknologikoan (Bizkaian) izango da, eta gaur zabaldu ditu ateak.

Proiektuan hainbat esparru aztertuko dira. Batetik, gasa banatzeko azpiegituren eta bestelako ekipoen mugak hidrogenoa gasarekin nahasten denean, bai etxeetan, bai industria esparruan. Bestetik, irtenbide teknologikoen garapena, hidrogenoaren ekonomiara egokitzeko, eta ahal heinean eraginkorrak eta jasangarriak izateko. Nortegasek ez ezik, beste hainbat enpresak ere hartuko dute parte proiektuan, zehazki, ABC Compresoresek, C.A.E.-FIDEGASek, H2Sitek, Erreka Fastening Solutionsek eta Orklik.

Iñaki Alzaga Nortegaseko presidenteak trantsizio energetikoa bultzatzeko "beharra eta urgentzia" dagoela nabarmendu du, baina trantsizio hori "pragmatikoa eta efizientea" izan behar dela. Zentzu horretan, "hidrogenoa gas naturalarekin nahasteak eraginkortasuna areagotzen duela uste dugu, bai denborari, bai kostuei dagokienez", adierazi du.

Iñigo Urkullu lehendakariak proiektu "berritzaile eta estrategikotzat" jo du H2Sarea. 2026ra arte 1.300 milioi euroko aurrekontua du, eta 1.340 zuzeneko lanpostu eta 6.700 zeharkakoak sortuko dituela espero da.

Jose Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidenteak azpimarratu du Ukrainako gerrak eta azken urteetako egoerak trantsizio energetikoa bizkortu dutela, eta hidrogenoaren aldeko apustua irmoa dela. Besteak beste, ildo beretik, urte amaieran martxan jarriko den lehen hidroduktoa ari dira eraikitzen, Abantoko parke teknologikoa hidrogeno berdez hornitzeko asmoarekin. Arlo horretan konpainia "traktorea" izan nahi duela nabarmendu du Nortegasek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK