
Gasteiztarren egun handian 120 urteko ibilbidean eginiko ekarpena aitortu dio udalak Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari. Hala, atzoko Andre Maria Zuriaren egunean, Hiriko Urrezko Domina jaso zuen Gregorio Rojo Ganberako presidenteak Maider Etxebarria alkatearen eskutik.
Zehazki, "hiria eta lurraldea moldatu dituzten aldaketa-prozesu handietan aktiboki parte hartu" izana nabarmendu du alkateak saria ematerakoan. "Ikuspegi estrategikoarekin eta zerbitzu-espirituarekin, lan nekaezina egin du tokiko ehun ekonomikoa indartzeko, balioa sortuz eta beti interes orokorraren alde eginez", gaineratu du. Haren ikuspegitik, domina "esker on kolektiboa" eta "errespetuzko eta mirespenezko" keinua dela ere esan du"ehun ekonomiko eta sozialaren motorra eta erreferentzia" den erakunde batentzat.
Rojoren hitzek Etxebarriak emandako mezua azpimarratu egin dute. "Garapenerako motor, topagune eta eraldaketarako tresna" gisa duen egitekoa nabarmendu du Ganberako presidenteak, "unean uneko erronketara" egokitzeko eta enpresei, autonomoei eta ekintzaileei laguntza zuzena eskaintzeko gaitasunarekin.
2024an soilik Ganberak 122 enpresa berriren sorrera babestu zuen, 100 saltoki baino gehiagori aholkularitza zerbitzua eskaini zien, 2.000 enpresari prestakuntza eman zien eta nazioarteko sustapeneko 30 ekintza baino gehiago bultzatu zituen.
Gauzak hala, erakundeak "aliatu estrategikoa" bezala duen papera nabarmendu du globalizazioak eta gero eta konplexutasun geopolitiko handiagoak markatutako ingurune batean. "Munduan dauden erakundeak behar dira, eta Merkataritza Ganberen sareak islatzen du ondoen nazioarteko kapilaritate hori", ziurtatu du. "Domina honek aurrera egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, Arabarentzat enplegua, inbertsioa eta aukerak sortzen dituzten proiektuak sustatzeko", amaitu du.