• ENPRESAK GAUR
  • Gasteizko Fibertecniceko langileek greba mugagabera joko dute

Gasteizko Fibertecniceko langileek greba mugagabera joko dute

Hitzarmen berria negoziatzen aritu dira azken hilabeteetan, baina ez dute akordiorik lortu. Aernnova taldeko konpainia da Fibertecnic, eta 165 bat lagunek egiten dute lan

Argazkia: LAB sindikatua
Argazkia: LAB sindikatua
2025eko azaroaren 6a - 11:45

Gasteizko Fibertecnic enpresako langile batzordeak iragarri du greba mugagabea hasiko duela datorren astelehenetik aurrera. LAB sindikatuak ohar bidez adierazi du atzo egindako batzarrean langileak prest azaldu direla “lan baldintzen aldeko borrokan tonua igotzeko”, eta enpresaren azken proposamena baztertu dute, plantillaren eskakizunak betetzen ez dituela argudiatuta.

 

Aernnova taldeko konpainia da Fibertecnic, sektore kimikoan diharduena, eta 165 bat lagunek egiten dute lan bertan. Azken asteetan hainbat greba egun egin dituzte beharginek, hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko, eta zuzendaritzak “inolako aurrera pausurik” eman ez duelako.

LABek adierazi du ez duela balio “sektore pribatua diru publikoz ureztatzeak inolako baldintzarik gabe”, eta defendatu du “kalitatezko enplegua plantillek behar dituzten eta merezi dituzten lan-baldintzak izatean” datzala.

 

Sindikatuak gaineratu du enpresa tematuta dagoela kategorien progresioa okertzearekin, ez duela hobekuntzarik proposatzen, eta lantaldearen batez besteko adina oso altua den arren, ez duela errelebo-kontratua bermatu nahi.