• ENPRESAK GAUR
  • Gasteizko Mercedesek ekin dio VLE ibilgailu elektrikoa ekoizteari

Gasteizko Mercedesek ekin dio VLE ibilgailu elektrikoa ekoizteari

1.000 milioi euroko inbertsioa egin dute fabrika birmoldatu eta ibilgailu elektriko berria ekoizten hasteko

Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
2026ko ekainaren 12a - 13:09

“Aro berri bat” hasi da Mercedes Benzen Gasteizko lantegian. Hala adierazi du Thomas Klein Mercedes-Benz Vanseko zuzendariak gaur goizean eginiko ekitaldian. Auto markaren VLE ibilgailu elektriko berriaren ekoizpena jarri dute martxan bertan.

 

1.000 milioi euroko inbertsioa egin dute instalazioak birmoldatu eta auto elektriko berria ekoizten hasteko, eta, horrela, Mercedesen VLE seriea ekoizten duen mundu mailako lehen lantegia izango da Gasteizkoa. Ibilgailua Van Architecture plataforma modular berrian oinarrituta dago, zeina Mercedesen hurrengo modeloen oinarri teknologiko bilakatuko den.

Gaurko ekitaldian izan dira Imanol Pradales lehendakaria, Jordi Hereu Espainiako Gobernuko Industria eta Turismo ministroa eta Mercedes taldeko hainbat ordezkari, eta azken hauek nabarmendu dute Gasteizen egingo den ibilgailua berrikuntzaren eta elektrifikazioaren alde egindako apustua dela.

 

Era berean, multinazional alemaniarrak uste du VLE ibilgailuaren ekoizpenak lantegiaren lehiakortasuna eta epe luzerako bideragarritasuna indartuko dituela. Egun 5.000 langilek egiten dute lan fabrikan. Era berean, ez dute baztertu etorkizunean beste ibilgailu elektriko batzuen modeloak bertan ekoiztea.

Kleinek ez du zehaztu ibilgailu berriaren ekoizpena zenbatekoa izango den hurrengo bi urteetan. Oraingoz V klaseko ibilgailuak ekoizten jarraituko dutela argitu du, eta VLEaren ekoizpena pixkanaka gailentzen joango dela. Mercedesek aurreikusten du VLE marka AEBetan, Hego Korean eta Indian saltzea batik bat.