Gasteizko Mercedeseko langileen lehen greba eguna

Langileen ordezkarien arabera, 5.000 langile inguru zeuden lanuztera deituta eta %95eko erantzuna izan du

Gasteizko Mercedeseko langileak greban | Argazkia: Europa Press Gasteizko Mercedeseko langileak greban | Argazkia: Europa Press

Greba eguna dute gaur Gasteizko Mercedesen eta, sindikatuen arabera, arrakasta izan du deialdiak, deituta zeuden 5.000 langile ingururen %95ak bat egin baitu deialdiarekin. Mercedeseko langileak zuzendaritzak eskatzen duen “malgutasunaren” aurka mobilizatu dira, zuzendaritzaren proposamenak jasotzen baitu seigarren lanegun bat gehitzea gaueko txandan ari direnentzat, hala, ekoizpena ibilgailu eskarien arabera egokitu ahal izateko. Lehen greba egunean, proposamen horren aurka egiteaz gain, salatu egin dute zuzendaritzaren jarrera, langileen ordezkariek adierazi dutenez, zuzendaritzak ez baitu erakutsi negoziazioetan aurrera egiteko inolako asmorik ere.

Era berean, Mercedesen lehen lanuztean argi geratu dira sindikatuen arteko desadostasunak. Hala, nork bere protestak antolatu ditu datozen egunetarako. Gaurkoaz gain, ELA, LAB eta ESK-k beste bost greba egun antolatu dituzte datorren asterako: astelehenetik ostiralera. CCOOk eta UGTk, berriz, hilaren 29rako deitu dute hurrengo lanuztea eta uztailean beste hiru greba egun ere deituko dituzte.

Mercedesen zuzendaritzak, bere aldetik, ez du begi onez ikusi sindikatuek grebara jo izana. Lanuztea “zentzugabea” dela uste du ekainaren hasieran iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsio planari “kalte handia” egingo diola iritzita. Sindikatuei egotzi die lan hitzarmenaren negoziazioei “boikot egin” nahi izatea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK