• ENPRESAK GAUR
  • Gasteizko Mercedesen lanuzteekin jarraitzea erabaki dute sindikatu abertzaleek

Gasteizko Mercedesen lanuzteekin jarraitzea erabaki dute sindikatu abertzaleek

Hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu zuten atzo zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM) baina sindikatu abertzaleentzat ez da nahikoa

Gasteizko Mercedesen lantegia | Argazkia: Mercedes
Gasteizko Mercedesen lantegia | Argazkia: Mercedes
2022ko uztailaren 13a - 13:33
Eg. 2022ko uztailaren 13a - 15:01

Gasteizko Mercedes Benz lantegian ostegun eta ostiralerako deituta zeuden lanuzteei eustea erabaki dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Hiru sindikatuontzat atzo gehiengo sindikala osatzen duten UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek enpresako zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioa ez da nahikoa. Besteak beste, seigarren gaua bertan behera uztea eta 2021-2026 aldian soldatak igotzea adostu zituzten baina, sindikatu abertzaleen esanetan, zuzendaritzak “ezezko borobila” eman zion soldatak KPIaren arabera igotzeari. Ondorioz, lanuzteekin jarraituko dutela iragarri dute.

 

Emilio Titos Gasteizko Merecedesen zuzendariak, bere aldetik, ohartarazpena egin du Radio Euskadin: "aurreakordioari ezezkoa ematen badiote, akaberaren atarian egongo gara". 

Zuzendaritzarekin akordioa

Ia bederatzi orduz batzartuta egon ostean, aurreakordioa iragarri zuten atzo CCOO, UGT, PIM eta Ekintza sindikatuek. 2021eko 4.000 euro gordineko ordainsariaz gain, aurten %6ko soldata igoera eta 2023tik 2026ra bitarte soldatan %2,25eko igoerak adostu zituzten.

 

Era berean, aurreakordioak errelebo-kontratuen bidez 250 behargin baino gehiago erretiratzea aurreikusten du, hori bai, baldintzak betetzen dituzten langileentzat. Aldi baterako 400 kontratu mugagabe bihurtzea ere planteatzen du, horietako 150 hitzarmena sinatzean.

Gainera, helburuen araberako ordainsariak ere adostu dituzte: urtean 200.000 ibilgailu baino gehiago ekoitziz gero, 500 euro; eta 2.250 euroko beste ordainsari bat, emaitzen arabera.

Akordioa gehiengo sindikalak onartu badu ere (17 ordezkarirekin) ELA, LAB eta ESK sindikatuek (14 ordezkarirekin) ez dute ituna babestu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain