• ENPRESAK GAUR
  • Gasteizko Mercedesen zuzendaritzak negoziazioak eten ditu lanuzteek dirauten bitartean

Gasteizko Mercedesen zuzendaritzak negoziazioak eten ditu lanuzteek dirauten bitartean

ELA, LAB eta ESK sindikatuek "jauntxokeriatzat" jo dute erabakia eta CCOOk uste du zuzendaritza okertu egin dela eta hausnarketarako deia luzatu die

Gasteizko Mercedesen lantegia | Argazkia: Mercedes
Gasteizko Mercedesen lantegia | Argazkia: Mercedes
2022ko uztailaren 7a - 11:52
Eg. 2022ko uztailaren 7a - 11:56

Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzak ez du hitzarmenaren negoziazioekin jarraituko lanuzteen ondorioz lantegiaren ekoizpena gelditzen den bitartean. Enpresak goizean eman dio enpresa-batzordeari erabakiaren berri elkarrekin egin duten bileran. Hasiera batean, hitzarmenaren inguruko negoziazioarekin jarraitzea espero zen asteartean zuzendaritzak beste proposamen bat aurkeztu ostean.

Zuzendaritzaren erabakiaren ondotik, CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek mobilizazioak atzeratu badituzte ere, ELAk, LABek eta ESKk lanuzteekin jarraitu dute eta grebara deitu dituzte langileak, bai gaurko eta baita biharko ere. Beraz, lanuztearen ondorioz, eta aurreko greba-egunetan bezala, ekoizpena etenda dago gaur Gasteizko lantegian.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek “jauntxokeriatzat" jo dute zuzendaritzaren erabakia langileak “gutxietsi” eta egoera “okertzen” duela iritzita. "Titos jaunak berriro hartu du negoziazioaren gidaritza, ez jarrerak hurbiltzeko eta langileek diotena entzuteko, negoziazioa blokeatzeko baizik”, salatu dute.

 

CCOO sindikatuak, bere aldetik, zuzendaritzaren jarrera salatu du eta “nahastu” izana leporatu dio, “aukera ona” zuelako langileei erakustarazteko “aurrera egin eta akordioa lor daitekeela”. Hala, hausnarketarako deia luzatu dio zuzendaritzari.