• ENPRESAK GAUR
  • Gasteizko Sutoki enpresako langileek lantegia ixteko arriskua dagoela salatu dute

Gasteizko Sutoki enpresako langileek lantegia ixteko arriskua dagoela salatu dute

Aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea ezarri du fabrikaren jabea den RTS taldeak. Langileek uste dute ekoizpena Txinara "deslokalizatu" nahi duela

Sutoki enpresaren fabrika Gasteizen | Argazkia: Google Maps
Sutoki enpresaren fabrika Gasteizen | Argazkia: Google Maps
2026ko maiatzaren 7a - 15:59
Eg. 2026ko maiatzaren 7a - 16:01

Gasteizko Sutoki enpresako hogei langileen ordezkari Arabako Batzar Nagusietan izan dira gaur, eta salatu dute lantegia ixteko asmoa duela zuzendaritzak. Galdaketan eta estanpazioan espezializatutako konpainia da Sutoki, eta 2000az geroztik RTS taldea da bere jabea. Bada, langileek salatu dutenez, aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea ezarri du RTSk, eta espedientea ezartzeko moduagatik uste dute fabrika ixteko asmoa duela.

 

Langileen iritziz, ekoizpena RTS taldeak Txinan dituen enpresetara “deslokalizatu” nahi da, eta Gasteizko lantegia “banatzaile komertzial huts” bezala utzi. Langileen ordezkariak jakinarazi dute badela urtebete beharginei lan erregulazio espedientea ezarri nahi zaiela, ekoizpena %75 murrizteko, besteak beste.

Langileen ordezkariek Elkarrekin Ahal Dugu-IU batzarkide taldeak gonbidatuta egin dute agerpena Arabako Batzar Nagusietan, eta eskatu dute Sutokiren etorkizuna eta bertako langileen enplegua bermatuko duen plan bat martxan jartzea. Konpainiaren aurkako salaketa aurkeztu dutela ere iragarri dute. Ekainaren 22an hasiko da epaiketa.