“Aurten energia fotovoltaikoa izango da GESentzako teknologiarik garrantzitsuena”. Esan eta egin: Zamudion (Bizkaia) egoitza duen GES Global Energy Services konpainiak jakinarazi du azken hilabeteetan lau kontratu berri lortu dituela lau bezero desberdinekin, eguzki-instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. Orotara, 343,26 MWpeko gaitasuna izango duten instalazioak izango dira, eta 196,42 milioi euroko balioa dute.
GESek energia berriztagarriekin lan egiten du, ingeniaritza, eraikuntza eta mantentze lanetan espezializatuta. Hala, planta fotovoltaikoen ingeniaritzaz, hornikuntzaz, eraikuntzaz eta martxan jartzeaz arduratuko da konpainia, Palentzian, Teruelen, Ciudad Realen eta Burgosen lortutako akordioetan. Lau proiektuak kontuan hartuta, ekoitziko den energia berriztagarria 168.000 etxetara iritsiko da eta, aldi berean, saihestuko da urtean 192.000 tona CO2 isurtzea.
Enpresak esperientzia du eguzki-instalazio fotovoltaikoetan. Hain zuzen ere, duela hogei urte (2004an) garatu zuen Espainiako Estatuko bere lehen proiektua, eta egun konpainiaren fakturazioaren %70 biltzen du teknologia horrek. Kontrara, energia eolikoa indarra galtzen ari dela azaldu du enpresak.
José Luis García Donoso GESeko zuzendari nagusiak dibertsifikazioan jarri du fokua: “Dibertsifikazioaren estrategiari esker lortu du konpainiak hazkunde prozesuan egonkortasuna lortzea, eguzki-negozioan inbertituta eta Espainiatik kanpoko merkatu berrietan hedatuta”, azaldu du. Hala ere, administrazioari eskatu dio energia eolikoarekin zerikusia duten proiektuetan “baimenak eta ebazpen prozesuak azkartzea”, ohartarazi baitu bestela inbertsioa txikitu egingo dela.