• ENPRESAK GAUR
  • Haragiaren ekoizpenerako gune berria inauguratuko du Gesalaga Okelanek

Haragiaren ekoizpenerako gune berria inauguratuko du Gesalaga Okelanek

Taldearen instalazio nagusiaren ondoan kokatuko da, Zarautzen, eta 3.500 metro karratuko azalera izango du. Marmarra izeneko merkataritzarako gunean markako produktuak eskuratzeko aukera izango dute erosleek

Marmarra gunearen diseinua | Argazkia: Gesalaga Okelan
Marmarra gunearen diseinua | Argazkia: Gesalaga Okelan
2024eko abenduaren 11a
Eg. 2024eko abenduaren 11a

Gesalaga Okelanek zortzi milioi euro inbertitu ditu fabrika berria irekitzeko Zarautzen (Gipuzkoa), haragiaren ekoizpenerako. 3.500 metro karratuko azalerarekin, taldearen instalazio nagusien ondoan kokatuko da gunea, Abendaño izeneko poligonoan.

 

Enpresak azaldu duenez denetarik edukiko du fabrikak: hozteko ganberak, izozteko ganberak, produktua mugitzeko guneak (tunelak), lanketa guneak… Horrez gain, solairu osoak hozketa naturala (C02) izango du, zeinak ez duen kutsatzen, ez den toxikoa, ez eta sukoia ere. Hala, taldeak kontsumo energetikoa %50ean murriztu nahi du.

Fabrika berrian merkataritzarako espazioa ere diseinatu dute. Marmarra izeneko gune horretan hainbat markako produktuak eskuratu ahal izango du erosleak: Okelan (harakintza), Croqueta y Presumida (kroketak eta prestatutako platerak) eta Sura (“euskal ohiturak eta ekialdekoak nahasten dituen proposamena”). José Luis Gesalaga taldeko zuzendariak adierazi du Marmarrarekin “Gesalagak jasangarritasunarekin duen konpromisoa islatu nahi” dutela, baita “bikaintasunarekin eta kultura gastronomikoarekin ere”.

 

Gesalaga Taldeak aurten 40 milioi euroko fakturazioa izango duela aurreikusten du. 2024an ez ezik, azkeneko urteetan ere instalazio berriak inauguratu ditu: 2021. urtean izozketarako biltegia ireki zuen, batik bat haragiaren kontserbazioa “optimizatzeko”; iaz ere beste biltegi bat inauguratu zuen, haien egoitza nagusiari itsatsita, “barne logistika errazteko eta eraginkortasuna bermatzeko”.