Ez bat, ez bi, ez hiru. Lau kontratu berri sinatu ditu GES Global Energy Services konpainiak. Hiru akordiok hainbat eguzki-instalazio fotovoltaiko eraikitzea dute oinarri, eta laugarrenak planta bakar bat. Lau akordioak gauzatzeko aurrekontua 225 milioi eurokoa da, eta orotara 583,41 MWp-ko potentzia izango dute. Egoitza nagusia Zamudion (Bizkaia) duen konpainiak zehaztu dutenez, hitzarmenetako bat GESen "bezero historiko" batekin egin dute, baina gainerako hiruak bezero berriekin hitzartu dituzte.
Lehen akordioaren baitan bi eguzki-planta eraikiko dira Zaragozako probintzian, 93,52 MWp-ko potentziarekin. Instalazioek 47.000 etxe inguru hornitzeko adina energia sortuko dute, eta 2027ko bigarren seihilekoan martxan jartzea aurreikusten dute. Bigarren hitzarmenak ere Zaragozan eguzki-planta bat eraikitzea du oinarri, 132,92 MWp-ko potentziarekin.
Gainerako bi akordioen harira, bederatzi eguzki-planta eraikiko ditu GESek Aragoin eta Valentziako Erkidegoan, 356,97 MWp-ko gaitasunarekin. Zehazki, hiru planta Aragoin kokatuko dira, eta sei Valentzian.
"Hitzarmen horiek gure gaitasunak indartzearen emaitza dira, baina, batez ere, merkatuak gure balio-eskaintzari egiten dion aitortza dira", adierazi du José Luis García Donoso zuzendari orokorrak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta