• ENPRESAK GAUR
  • Gestampek 280 bat lanpostuko murrizketa egin nahi du Abadiñoko lantegian

Gestampek 280 bat lanpostuko murrizketa egin nahi du Abadiñoko lantegian

Mercedes du bezero nagusi eta ekoizpena Alemaniara eraman nahi du multinazionalak. Eskaria murriztuko dela ikusita, 2030ra bitartean lanpostu kopurua murriztea aurreikusi du Gestampek

Argazkia: Gestamp
Argazkia: Gestamp
2026eko martxoaren 13a - 12:39

Gestamp taldeak behargin kopurua murriztu nahi du Abadiñon duen fabrikan. 2030erako 280 langile inguru gutxiago beharko dituela aurreikusten du, izan ere, bere jarduera Mercedesen mende dago, bere bezero nagusia delarik, eta multinazional alemaniarrak ekoizpena murrizteko asmoa du.

 

Zehazki, VS20 furgonetarako piezak egiten dituzte Abadiñoko plantan eta 2030etik aurrera furgoneta horiek ekoizteari utziko dio Mercedesek. Eskariaren murrizketa datorrela ikusita (lan-karga %50 inguru gutxitu daiteke), zuzendaritzak uste du egun 700 langile dituen fabrikan 280 soberan izango dituela.

Sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez, oraingoz ez da kaleratzerik aurreikusten, fabrikan lan bolumen handia dagoelako gaur-gaurkoz. Aitzitik, jardueraren murrizketa apurka-apurka jazoko da.

 

Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak aitortu du Abadiñoko Gestamp “kaltetuta” atera dela Mercedesi orain arte eginiko lana galdu ostean, eta esan du ikusi beharra dagoela etorkizuneko kaleratze kopurua zenbatekoa izango den.

Gasteizko Mercedesi ekoizten dizkio piezak Abadiñoko lantegiak eta Jauregik argitu du multinazionalak lan-karga gehiena Alemaniara bideratu nahi duela, herrialdeko enplegua mantendu ahal izateko.