Salto Systemsek irabazi du Gipuzkoako Enpresa Saria

Aldi berean, sarituak izan dira El Diario Vasco, Lander, NX Technologies eta MSI Grupo

Argazkia: Salto Systems
Argazkia: Salto Systems
2025eko apirilaren 4a
Eg. 2025eko apirilaren 4a

Gipuzkoako Ganberak Gipuzkoako Enpresen Sarien hogeita hamahirugarren edizioa antolatu du gaur, eta Salto Systems izendatu du Gipuzkoako Enpresa 2025ean. Antolatzaileek adierazi dutenez, 400 ordezkari baino gehiago bertaratu dira ekitaldira, besteak beste: Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia; Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun kontseilaria; eta Eneko Goia Donostiako Alkatea.

 

Sari nagusia lortu duen Salto Systems enpresa sarbide-kontroleko soluzio aurreratuetan espezializatzen den konpainia da, zeinak 40 herrialde baino gehiagotan duen presentzia; gainera, “8 milioi sarbide puntu baino gehiago ditu martxan”. Enpresari aitortza egin zaio berrikuntzaren alde egiten duen apustuagatik, baina baita jasangarritasunarekin zein gizartearekin duen konpromisoagatik ere.

Gipuzkoako Enpresa izendatzeaz gain beste zenbait sari ere banatu ditu Gipuzkoako Ganberak, eta saridunak ondorengoak izan dira: Lander (Enpresa Nazioartekotzearen Saria); El Diario Vasco (Zerbitzu Enpresaren Saria); NX Technologies (Berrikuntza Enpresaren Saria); eta Mondragon Sistemas – MSI Grupo (ETE Enpresa Industrialari Saria).

 

Mauricio Arregui Gipuzkoako Ganberako presidenteak enpresa horiek zoriondu ditu egindako lanagatik, eta haien konpromisoa nabarmendu du “lankidetzan eta etorkizuneko ikuspegian oinarritutako enpresa nortasuna indartzeagatik”.