• ENPRESAK GAUR
  • Gipuzkoako Aldundiak 7,4 milioi bideratuko ditu enpresen lehiakortasuna sustatzeko dirulaguntzetara

Gipuzkoako Aldundiak 7,4 milioi bideratuko ditu enpresen lehiakortasuna sustatzeko dirulaguntzetara

Pertsonen prestakuntza eta enpresen giza kapitala bultzatzeko esparruak 5,3 milioi euro izango ditu eta berrikuntzakoak 11,2 milioi euro

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza (erdialdean), Aldundiko Ekonomia Sustapeneko departamentuko taldekideekin batera | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza (erdialdean), Aldundiko Ekonomia Sustapeneko departamentuko taldekideekin batera | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2026eko martxoaren 11a - 16:55

Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekonomia Sustapeneko departamentuaren bitartez martxan jarriko dituen 2026ko dirulaguntzen aurkezpena egin du gaur Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan. Bertan izan dira 150 enpresetako ordezkariak, eta beste 400 batek online jarraitzeko aukera izan dute.

 

Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "enpresengandik hurbil egotea eta haiei laguntzea, hori da Aldundiarentzat erabateko lehentasuna, are gehiago gero eta ezegonkortasun handiagoko egungo egoeran, eta laguntza programa hori horretarako tresna bat da".

Orotara 32,2 milioi euro bideratuko dira zazpi ildo estrategikoetan banatuko diren 39 programetara. Esparru guztietatik, berrikuntza sustatzeko esparruari loturiko dirulaguntzek jasoko dute diru gehien. 11.200.000 euro bideratuko ditu aldundiak ikerketaren eta garapen teknologikoaren alde egiteko. Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna bultzatu eta merkatuetan duten gaitasuna sendotzeko ildorako 7.454.022 euro izango dira, eta pertsonen gaitasunak eta enpresen giza kapitalari dagokion arlorako 5.292.000 euro.

 

Ekintzailetzaren esparrura 1.976.000 euro bideratuko dituzte, enpresen sustapenera 1.863.600 euro, eta digitalizaziora 1.760.000 euro. Halaber, Elkarte eta klusterrekin lankidetzan hainba proiektu gako ere bultzatzen ditu Aldundiak, Gipuzkoako ekonomiarentzat gako direnak. Horientzat 1.050.000 izango dira.

Goizeko aurkezpenaz gain, arratsaldean beste bat egiten ari dira Ordizian, Goieki Goierriko garapen agentziaren egoitzan; ostiralean, berriz, Arrasateko Garaia parke teknologikoan aurkeztuko dituzte. "Oso pozik gaude 2025ean lortu genituen emaitzekin, Gipuzkoako erronkei modu eraginkorragoan aurre egiteko programa birdiseinatu bat abian jarri genuenean. 2026an ildo horretan aurrera egiten jarraitzea espero dugu, lortutako emaitzak gainditzea eta, batez ere, gure enpresetatik gertu egoteko eta sor daitezkeen behar berrietara egokitzeko behar den malgutasunari eustea", nabarmendu du Unai Andueza Gipuzkoako Ekonomia Sustapenerako diputatuak.