Adegik enpresa bazkideen artean egiten duten Egoera Ekonomikoaren Inkestaren emaitzak argitaratu ditu. Gipuzkoako enpresen %23aren arabera bere merkatua atzeraldian dago. Adegiren arabera 2021eko apiril eta urtarriletik izandako emaitzarik okerrenetakoa da. Sektoreka begiratuz gero, industriaren kasuan, 3 enpresetatik 1 atzeraldian dago, zehazki %31,5. Iazko urtearekin alderatuz, zazpi puntu eta erdi gehiago. Eraikuntzan eta zerbitzuetan aldiz, egoera oso desberdina da 10 enpresetatik 1 delako datua.
Batez besteko fakturazioa %2,2 handitu da aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Hazkunde hori zerbitzuetan nabaritzen da batez ere, %4 gehiagokoa izan delako. Industrian aldiz, igoera %1,2koa izan da. Eskaera-zorroa aztertzerakoan, enpresen %36k eskaera-maila ahula dutela diote. Adegiren arabera, 2021eko urtarriletik izandako daturik okerrena da.
Enpleguaren egoera aztertu du inkesta honek, eta enpresen gehiengoak plantilla mantendu edo handitzea aurreikusi du, zehazki %86,5ek. Enpresen %16k enplegu-maila handituko dela uste du: industria-enpresen %15ek (iaz baino 2 puntu gutxiago), eraikuntzakoen %9k eta zerbitzuen sektorekoen %19,5ek. Bestalde, enpresen %13,5ek enplegu-maila murriztu beharko duela dio: %16 industrian (iaz baino 6 puntu gehiago) eta %12 zerbitzuen sektorean. Eraikuntzan, baina, ez dute halakorik egiteko beharrik sumatu.
Enpresen kezken artean lan-kostuak eta soldata-igoerak eta absentismoa daude. Azken hori, hamarretik lau enpresentzat da kezka nagusia eta apiriletik bederatzi puntu igo da. Lehengaien eta energiaren garestitzea eta hornikuntza kezken artean dago. Enpresen %37,5ek aipatzen du, iaztik 22 puntu hazita. Eraikuntzako enpresen %45,5ek ere partekatzen dute ezinegona, industriakoan %40,5ek eta zerbitzuen sektorekoen %29,5ek.
Egoera Ekonomikoaren Inkestaren emaitzak aztertu ostean, Adegik 2026rako aurreikusten du BPGren hazkundea %2 eta %2,5 artekoa izatea, batez ere zerbitzuen ekarpenari esker. Bestalde, soldatapeko 2.000 eta 2.500 euro arteko soldatapeko enplegu garbia sortuko dela diote aurreikuspenek, kasu honetan ere, zerbitzuen sektorean.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta