Gipuzkoako enpresen konfiantzak behera egin du

Lurraldearen ekonomiaren hazkundea %1,5 eta %2k bitartekoa izango dela aurreikusi du Adegik, aurreko urteko erdia baino gutxiago

Ayerza, Junquera eta Sasigain, gaur goizeko prentsaurrekoan | Argaskia: EnpresaBIDEA
Ayerza, Junquera eta Sasigain, gaur goizeko prentsaurrekoan | Argaskia: EnpresaBIDEA
2023eko urriaren 5a
Eg. 2023eko urriaren 5a

Bigarren seihilekoak zalantza sortzen dizkie Gipuzkoako enpresei. Hori ondoriozta daiteke Adegik egindako inkestaren emaitzetatik. Enpresen konfiantza "hondatzen" ari dela nabarmendu du Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak. %84k merkatua normaltasun edo suspertze egoeran ikusten du, baina gutxitu egin da merkatua suspertze egoeran ikusten duen enpresa kopurua, %28k soilik uste baitu hori. Gainera, atzeraldia datorrela uste du %16k, zifrak gora egin ostean. Zifra hori are handiagoa da industria enpresen kasuan, %20k uste baitu atzeraldia datorrela.

 

Kezkarako faktoreei dagokienez, hainbat esparru identifikatzen dira. Kezka nagusia —%40k adierazten du— lan-kostu handiak eta soldata igoera dira, baina baita langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna, eta lehengaien hornidura eta prezioak ere. Aldiz, nazioarteko ekonomiarekiko kezka handitu da gehien apiriletik: enpresen %35entzat da kezkagarria, eta enpresa industrialen kasuan %42k nabarmendu du. Bankuen finantzaketari loturiko kezkak, berriz, 2014 urtarriletik ikusi gabeko erregistro altuena lortu du, %22k seinalatu baitu.

Salmentan eta eskari zorroan ere beherakadak erregistratu dira. Fakturazioak % 0,6 egin du behera batez beste aurreko hiruhilekotik, industriaren eta esportazioen jaitsierak eraginda. Eskari-maila % 1,9 jausi da, industriaren beherakadagatik kasu honetan ere. Eskaera zorroaren kasuan, hamar enpresetatik zazpirentzat bere horretan mantendu dira.

 

Kezkak kezka, lurraldeko hazkundeaz esperotakoan "zuhurtzia" mantendu nahi izan du Adegik, eta %1,5 eta %2 bitarte kokatu du 2023rako esperotako hazkundea, iazkoaren erdia baino gutxiago suposatzen duena.

4.000 lanpostu berri

Testuinguru ekonomiko konplexua aurreikusita ere, espektatiba onenak enpleguari loturik daude. Enpresen %91k enplegu-maila mantendu edo handitzea espero du, eta 2023an 4.000 enplegutik gora sortzea aurreikusi dute Adegitik. Hamar enpresetatik bik enplegu-mailak gora egitea espero du, zazpik bere horretan mantentzea, eta soilik batek behera egitea.

Ayerzaren ustez, epe ertain eta luzeko begirada horretan fokua jartzen dute enpresek. Horregatik, nahiz eta epe motzean proiektuak "ahulagoak" izan, epe luzean proiektuak garatu egin behar dituzte nahitaezean. Espektatiba hori, gainera, bat dator iraileko enpleguaren datuekin, azken 15 urteetako daturik onenetarikoak baitira.