• ENPRESAK GAUR
  • Gipuzkoako enpresen salmentak %1,9 murriztu dira 2026ko lehen hiruhilekoan

Gipuzkoako enpresen salmentak %1,9 murriztu dira 2026ko lehen hiruhilekoan

Esportazioak %9,4 beheratu dira. Sektoreka industrian izan da beherakada handiena; %6 baino gehiago apaldu dira salmentak

Irune Berasaluze eta Itziar Agirre | Gipuzkoako Foru Aldundia
Irune Berasaluze eta Itziar Agirre | Gipuzkoako Foru Aldundia
2026ko apirilaren 30a - 14:30
Eg. 2026ko apirilaren 30a - 14:35

Gipuzkoako enpresen salmentak %1,9 murriztu ziren 2026ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe beraren aldean. Aldundiak azaldu duenez, kanpo-sektorearen joerari zor zaio beherakada, esportazioak %9,4 gutxitu baitira, eta barne-salmentak, berriz, %2,5 igo.

 

Sektoreka, industrian izan jaitsiera nabarmenena (-%6,2); eraikuntza %2,2 hazi da eta zerbitzuen sektoreak ere bilakaera positiboa izan du, %3,2 hazi delarik bertako jarduera.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak egindako txostenaren arabera, esportazioek behera egin badute ere, Europar Batasuneko herrialdeetara eginiko salmentak %4,6 igo dira.

 

Inportazioei dagokienez, %0,7 jaitsi dira azken hiru hilabeteetan. Europar Batasunetik datozen erosketak %3,4 apaldu dira, eta gainerakoak %6,7.

Era berean, aldundiak jakinarazi du Gipuzkoako enpresek enplegatutako pertsonen kopurua %0,7 handitu dela 2026ko lehen hiruhilekoan. Sektoreka, hazkunderik handiena eraikuntzan izan da (%1,1), industrian %0,8 eta zerbitzuetan %0,6.

Ordainsariak ere batez beste %4,7 igo dira. Eraikuntzan eman da igoerarik nabarmenena (%6,7), ondoren zerbitzuen sektorean (%5,5) eta industrian (%4,2).