Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, iaz lurraldeko enpresen salmentak %3,5 hazi ziren, 2024aren aldean. Hala, salmenta guztien hazkundea nahiko orekatua izan da hiru sektore ekonomikoetan: industria (%3,3), eraikuntza (%4,4) eta zerbitzuak (%3,5).
Europako bazkide komertzial nagusien ahultasuna eta nazioarteko testuinguru ekonomikoaren ziurgabetasuna gorabehera, esportazioei buruzko zifrak “positiboak” direla baieztatu du aldundiak. Horrela, Europako Batasuneko herrialdeetan eginiko salmentak %2,0 igo dira eta Europatik kanpoko gainerako herrialdeetakoak % 5,3. Inportazioak, berriz, % 2,6 igo dira 2025ean.
Gipuzkoako enpresek iaz enplegatutako pertsonen kopuruari dagokionez, zifra % 0,3 igo da, eta azzken hilabeteetan “nolabaiteko moteltzea” egon den arren, lurraldeko lan merkatuak sendo jarraitzen duela azaldu du aldundiak.
Horrekin batera, Gipuzkoako enpresek ordaindutako soldatak ere %4,8 igo dira 2025ean. Sektoreka, soldaten bilakaera nahiko orekatua izan da; industrian eta eraikuntzan izan da hazkunderik handiena, bi kasuetan igoera %5,0koa izan baita, eta zerbitzuetan, berriz, %4,4koa.