Gipuzkoako enpresen salmentek %4,1 egin dute gora ekainean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentutik emandako datua da: "apirilean eta maiatzean izandako beherakadarekin hausten" duela nabarmendu dute aldunditik.
Hazkunde horren atzean dago "esportazioen portaera ona". Aldundiak eginiko txostenean jasotzen denez, %9,1 hazi ziren. Barne-salmentek ere gora egin zuten, baina gutxiago, % 1,5eko hazkundearekin. Inportazioak, aldiz, % 2,4 jaitsi ziren.
Horrela, 2025eko lehen seihilekoa salmenta metatua %2,1 hazi dela ikus daiteke. Aldi horretan, barne-merkatuko salmentek %2,4 egin zuten gora eta esportazioek %1,4.
Helmugei erreparatuta, aipatzekoa da Europar Batasunerako esportazioek %0,7 egin dutela atzera. Aitzitik, munduko gainerako herrialdeetarako salmentetan gorakada %4koa izan da.
Europatik eginiko inportazioetan ere ikusten da beherakada, %0,2 jaitsi baitira kontinente zaharrean eginiko erosketak. Kasu honetan ere, gora egin dute Europatik kanpoko erosketek, %9,2, zehazki.
Sektoreka, lehen seihilekoko salmenten hazkundea zerbitzuen sektorearen dinamismoan oinarritu zen bereziki, %3,2 hazi baitziren. Industrian %1,3 egin zuten gora esportazioek, eta eraikuntzan %1,1. Ekainean sektore guztietan egin zuen gora: zerbitzuetan %4,3, industrian %4,2 eta eraikuntzan %0,7.
Enpleguak, bestalde, egonkortasunari eutsi dio. Ekainean, enplegatuen kopurua apenas aldatu zen aurreko urtearen aldean (%0,1). Seihilekoko metatuan ikusiz gero, %0,6ko hazkundea izan du; industrian eta eraikuntzan %0,8 hazi da eta zerbitzuetan %0,2.
Soldatei dagokienez, azken hilabeteetako bilakaera erakusten jarraitzen dute. Ekainean %5,6 igo ziren, eta lehen seihilekoan, %5,3. Sektoreka, hazkunderik handienak industrian (%5,4) eta zerbitzuetan (%5,2) izan da, eta ondoren eraikuntzan (%4,9). Enplegatuko batez besteko ordainsaria %4,7 igo da.