Gipuzkoako enpresek ezkor begiratzen diote industriaren egoerari. Adegik gaur goizean aurkeztutako txostenaren arabera, lurraldeko lau enpresetatik batek (%29,5) uste du industriaren merkatua atzeraldian dagoela. Era berean, konpainia hauen kezka nagusia bihurtu da lehengaien hornikuntza eta energiaren prezioa.
Txostenaren arabera, eraikuntzan, enpresen %22k adierazi du atzeraldia dagoela beren merkatuan; zerbitzuetan, berriz, %14k, merkataritza eta ostalaritzan (%16,5) eta enpresentzako zerbitzuetan (%8,5).
Ezkortasun horren erakusle, merkatuaren egoera suspertze-fasean dagoela uste duten enpresen kopurua hiru puntu jaitsi da urtarriletik, %21,5eraino; 2020ko irailetik izandako mailarik baxuenera.
Hala, merkatuaren egoera enpresek duela hilabete batzuk aurreikusitakoa baino nabarmen okerragoa da, eta hurrengo hilabeteetarako ezkortasunari eutsiko diote, ez baitute hobekuntzarik aurreikusten.
Fakturazio datuei dagokienez, 2026ko lehen hiruhilekoan Gipuzkoako enpresen batez besteko fakturazioa %1,4 murriztu da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, batez ere industriaren eta, bereziki, makineria eta ekipamenduaren adarraren bilakaera negatiboaren ondorioz.
Industria sektoreko enpresen %37k fakturazioa txikitu dutela azaldu dute: metalgintzakoen %34,5ek (%26,5 metalurgian eta %50 makinerian) eta ez-metalikoen %45ek.
Eskaera-zorroak ere behera egin du (-%1,5), eta konpainien %35,5ek uste dute eskaera maila “ahula” duela.
Gauzak horrela, enpresen %87,5ek aurreikusten dute lantaldea mantendu edo handituko dutela datozen hilabeteetan; iaz baino 3,5 puntu gutxiago. Aitzitik, industria konpainien artean, ia %20k uste du lantaldea murriztuko beharko duela.
"Kezka sakona"
Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusiak adierazi du "alarma egoeran" ez badaude ere, "abisu seinale baten aurrean" daudela Gipuzkoako enpresak: "industria da gure lurraldearen motorra, gehien sufritzen ari dena. Fakturazioaren beherakadak, eskaera-zorroaren ahultzeak eta enpresa-ezkortasunaren hazkundeak gogor eragiten diete gure ekonomiarentzat eta esportazio-gaitasunarentzat estrategikoak diren sektoreei, hala nola makineria eta ekipamenduaren jarduerari", argitu du.
Orain arte "moteltze-egoera" bat zena, "kezka sakona" bilakatu da, eta Gipuzkoako patronalaren arabera, lurraldeko enpresak azken bost urteetako unerik zailenean aurkitzen dira.