
Gislan datuen zientziako soluzioak neurrira eskaintzen dituen enpresa bat da. Estatistika, matematika eta informatika uztartzen dituzte haien lanean, eta bezeroaren erronkari erantzun eraginkorrak ematea gustatzen zaie. “Gure trebetasunen artean datu espazialen tratamendua dago. Esandakoarekin batera, gure lurraldeko erakundeetan diziplina hau txertatzearekin konprometuta gaude, eta zerbitzua euskaraz ematearekin gozatzen dugu”, gehitzen du Imanol Esnaolak, Gislaneko zuzendari nagusiak.
“Guretzat euskaraz lan egitea normalena izateaz gain, helburua ere bada euskaraz zerbitzua jaso nahi dutenei naturaltasunez aukera eskaintzea”
“Guretzat euskaraz lan egitea normalena izateaz gain, helburua ere bada euskaraz zerbitzua jaso nahi dutenei naturaltasunez aukera eskaintzea”, esan du Esnaolak. Gislanen sortze beretik haien buruari agindu zioten zerbitzua euskaraz behar zuenari atseginez erantzungo zietela. Enpresa mundua oso erdalduna da nahiz eta profesional euskaldunak txoko guztietan egon. Indeusen asmo bereko erakundeekin lan egin eta ikasteko aukera ikusi zuten, eta horretan ari dira. Erabaki hori orain urte pare bat hartu zuten, aldaketa teknologikoen erdian haien misioa berrikusi zutenean.
Datuen zientzia, enpresa txiki eta ertainentzat
Datua erabilgarri eta baliagarri egiteko zerbitzuak eskaintzen dituzte. Hiru ildotan lan egiten dute: aholkularitzan, analisian eta aplikazioen garapenean. Datuak baliagarri egiteari dagokionez, bezeroak behar duen horretan jartzen dira.
Batzuetan helburua definitzen laguntzen dute, eta beste batzuetan datu modeloak diseinatu eta exekutatzen dituzte, gero bezeroaren esku jartzen dituzte neurrira egindako aplikazioen bitartez. “Gure emaitzak bezeroarekin batera garatzen dituguenez, bezeroaren gaitasun eta beharretara oso egokituak eskaintzen ditugu”, esan du Esnaolak.
Imanol Esnaola: “Gure emaitzak bezeroarekin batera garatzen dituguenez, bezeroaren gaitasun eta beharretara oso egokituak eskaintzen ditugu”
Enpresaren helburu nagusia datuen zientziaren abantailak bertako erakundeen erronketan txertatzea da. Datuen zientzia oso bizkor ari da garatzen eta enpresa txiki eta ertainek ezin dute bakardadean prozesua menderatu. “Horretan laguntzen diegu, behar duten hori osatzen eta txertatzen, falta duten dedikazioa eta ezagutza eskainiz”, adierazi du Esnaolak.
Gislaneko proiektu bakoitza bakarra da. Ez dakite bezeroak zer behar izango duen eta zein izan daitekeen soluzio egokia; beraz, datorrenari erantzun ahalik eta berritzaileenak eskaintzen saiatzen dira. Horrek egunean egotera behartzen die, aukera berriak identifikatzen eta horietarako trebatzen. Orduan, Esnaolaren arabera, Gislaneko inbertsio nagusia ezagumendua garatzea da.
Laguntza ekonomikoak kanpo aholkularitza eta produktuen garapenerako
Laguntza ekonomikoak baliatzen dituzte, kanpo aholkularitza eskuratzeko nagusiki. Iaz Hazinnonva laguntzak baliatu zituzten merkaturatze estrategia berritu nahian. Halaber, laguntzak eskatu izan dituzte gazteak kontratatzeko edo baliabide teknologikoak eskuratzeko.
“Laguntzak beharrezkoak dira. Aldaketak oso bizkor ari dira gertatzen eta laguntzaren aukerak pauso berriak ematea errazten du”, onartu du Esnaolak. Izan ere, baliteke laguntzarik gabe erabakiak atzeratzea eta horrek ondorio kaltegarriak eragitea balio proposamenean edo lehiakortasunean.
“Laguntzak beharrezkoak dira. Aldaketak oso bizkor ari dira gertatzen eta laguntzaren aukerak pauso berriak ematea errazten du”
Zerbitzu enpresa diren aldetik inbertsio nagusia ezagutza garatzeko da; beraz, gehienetan enpresaren finantzazio beharrik handiena lan orduak trebakuntzari eskaini ahal izateko da. Dedikazio horren zati txiki bat dirulaguntzekin finantzatzea lor daiteke, baina gehiena diru iturri propioetatik ateratzen da. Produktu mailako garapenak ere egin izan dituzte; esate baterako, Auzosare informazio sisteman. Horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta Adinberri fundazioaren laguntza izan zuten.
"Aldaketa eta bortitza"
Sektoreari buruz hitz egitea ez da erraza azken orduko bilakaera askoren mende eraldatzen doalako. Ibilian sortzen ari dela esan daiteke. “Nik uste dut bi hitz daudela gure sektorearen bilakaera definitzen dutenak: aldaketa eta bortitza”, esan du Esnaolak. Gero eta datu gehiago, datuak partekatzeko aukera indartsuagoak, tratamendu eta prozesamendu tresna berriak… oso bizkor ari da gertatzen dena, tesia eta antitesia bata bestearen atzetik datoz, eta bezeroak ere horren arabera ari dira erabakiak hartzen.
Datuak estrategiko bilakatu dira. [...] Baina gakoa dago jarduera hori nola egin errentagarria
Beraz, datuak estrategiko bilakatu dira. Bide horretan, ongi kokatzen denak hobekuntzak lortzen ditu; ongi kokatzen ez dena atzean geratzen da. Baina gakoa dago jarduera hori nola egin errentagarria. Horrek aldagai guztiak dantzan jartzen ditu: profesionaltasunaren karakterizazioa, zerbitzu eskaintza, enpresen tamaina, prezioak, inbertsioa berreskuratzea, etab.
2023tik Indeusen parte hartzaileak
“Indeuseko lan saioetara denok gure etxeko erronka eta zailtasunak burutik kendu gabe joaten gara. Atarian gaudenean gure lehentasunak asko eta askotarikoak dira”, adierazi du Esnaolak. Baina lan saioetan murgiltzean, Esnaolak dioenez, egunerokoak diren gaiak agertzen dira, dela lan taldeen funtzionamendua, dela kide berrien harrera edo teknologiarekin lotutakoak. Izan ere, seriotasun eta pertinentzia handiko agenda da. Etxera itzultzean eman dutenaz gain, jaso dutena ekartzen dute. Esnaolaren arabera, merezi du jasotzen dutenak, eta denon artean lortzen dutenak.
Imanol Esnaola: “Gu euskaldunak gara eta euskaraz ikasiak, beraz, euskara erabiltzeaz gain, badugu konpromisoa euskara 'noranahiko' egitearekin"
“Gu euskaldunak gara eta euskaraz ikasiak, beraz, euskara erabiltzeaz gain, badugu konpromisoa euskara 'noranahiko' egitearekin”, esan du Esnaolak. Hau da, euskaraz lan egiteaz gain, bezeroari zerbitzua euskaraz emateak bete egiten die. Gislaneko bultzada nahiko dutena baino txikiagoa da, oraindik asko dago egiteko. Edonola ere, hiru elementu dituzte lanerako. Lehenik eta behin, lan hizkuntza, ahoz zein idatziz euskara da. Bigarrenik, bezeroarekin lehen harremana euskaraz hasten dute, eta bezeroak hautatzen duen hizkuntzan ematen dute zerbitzua, euskaltasuna beti presente izanez. Eta, hirugarrenik, proiektua euskaraz abiatzen dutenean euskaraz bideratzen dute harremana, baita bere esku jartzen dituzten emaitzak ere.
Erronka nagusiak
Gislaneko erronka nagusia bertako organizazio txiki eta ertainak datuaren ekonomiari lotzea da; izan ere, etorkizunak ez du beste aukerarik utziko. “Zailtasunak izan arren, ekin beharra dago eta guk bide horretan lagundu nahi genuke”, ohartu du Esnaolak. Edonola ere, epe laburrari begira, erronka haien bezero zerrenda sektore berrietara zabaltzea da. Epe luzera, aldiz, bilakaera teknologikoarekin egunean dagoen lan taldea izaten jarraitzea.
Euskarari dagokionez, erronka nagusia, etorkizunean lankide berriak euskal hiztun osoak izatea da. Indeusen dauden enpresak euskaraz lan egin eta bizitzeko aukera eskaintzen dute; sektoreko profesional euskaldunak aukera asko eta oso desberdinak ditu aurrean, organizazio handietan, lan baldintza eta lan sari oso erakargarriekin. Etxetik munduko edozein bazterretan dagoenarentzat lan egin dezake. Beraz, Esnaolaren arabera, etxekotzean dago erronka.