• ENPRESAK GAUR
  • 11,6 milioi euro inbertitu ditu Goimekek makineria eta instalazioak hobetzeko

11,6 milioi euro inbertitu ditu Goimekek makineria eta instalazioak hobetzeko

Azken lau urteetan Danobatgroupek 80 milioi euroko inbertsioa egin du Goimek, Soraluce eta Danobat taldeko kooperatibetan

Itziarreko egoitzan aurkeztu ditu konpainiak eginiko inbertsioak | Argazkia: Goimek
Itziarreko egoitzan aurkeztu ditu konpainiak eginiko inbertsioak | Argazkia: Goimek
2025eko ekainaren 26a
Eg. 2025eko ekainaren 26a

11,6 milioi euro inbertitu ditu azken lau urteetan Goimek enpresak, eta gaur aurkeztu ditu inbertsioak Itziarren (Gipuzkoan) duen egoitzan. Besteak beste, eremu espezifiko berria sortu dute, zeina bereziki egokitu den sektore aeroespazialak eskatutako eskakizun handietarako mekanizazioak lantzeko, tenperatura kontrolatuko baldintzekin.

 

Makineria ere berritu du kooperatibak, helburu izanik mekanizazio handien gaitasuna handitzea. Adibideetako bat da Soraluce fabrikatzailearen PR-W 17000 fresatzeko makina: gai da hamazazpi metroko luzera, sei metroko zabalera eta 3,5 metroko altuera duten piezak mekanizatzeko, baita 100 tonara arteko piezak makinan bertan mekanizatzeko ere. Bestalde, taldeak beste zenbait makina berri ere eskuratu ditu, hala nola, Danobat SGD artezteko makina tangentziala eta Soraluce FP- 8000 zutabe mugikorreko fresatzeko/mandrinatzeko makina.

Euskal kooperatiba doitasunezko mekanizazioetan eta mekanizazio handietan espezializatzen da, eta “azken belaunaldiko” instalazio eta makineria berrituen bitartez aurre egiten dien hainbat eta hainbat erronkei: sektore aeroespazialaren, ekipo ondasunen, energia eolikoaren, baita itsas energiaren erronkei, hain zuzen ere.

 

“Instalazio berri horiekin gure bezeroekiko hurbiltasuna ere irabazi nahi dugu, haiek eta beren bezeroek benetako balioa ematen dien eta hazkundea bultzatzen duen partner estrategiko gisa ikus gaitzaten”, azaldu du Aitor Txurruka Goimekeko zuzendariak. Berarekin batera, inbertsioen aurkezpenean izan dira Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta bestelako erakundeetako zenbait ordezkari.

Hala, Danobatgroupek (Danobat, Goimek eta Soraluce kooperatibak biltzen dituenak) 2021-2024 plan estrategikoan egindako inbertsio zikloa itxi du, orotara 80 milioi euro inbertituta hiru kooperatibetan. Planak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bilakatu programaren laguntza jaso du, eta, horren harira, Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordeak adierazi du euskal industria, erakundeen laguntzarekin, gai dela nazioartean erreferente eta lehiakor izateko, eta gaineratu du horren adibide garbia direla bai Goimek, bai Danobatgroup.