
2021eko otsailean Marteko konkistan parte hartu ondoren, Goimek Danobatgroupeko mekanizazio enpresak Sener Aeroespacial enpresarekin elkarlanean dihardu, oraingoan Jupiter eta bere hiru satelite naturalak esploratzeko. Konpainiak jakitera eman duenez, Europako Espazio Agentziak (ESA) zuzenduko du misioa NASArekin batera, eta Jupiterreranzko bidaiak zortzi urte iraungo du.
Hain zuzen ere, misio horretan, Juice espaziontziak eramango duen irabazi ertaineko antena (MGAMA) fabrikatzeaz arduratu da Goimek, Sener Aeroespacial enpresarekin batera. Enpresak azaldu duenez, antena hori bi ardatzetan orienta daiteke, X eta Ka bandetan jarduten du, bai ontziaren eta Lurraren arteko norabide biko komunikazioa lortzeko, eta baita zundak irrati maiztasunarekin daraman esperimentuaren funtzionamendua bermatzeko ere.
Zehazki, Goimek arduratu da islatzaile nagusia fabrikatzeaz, 0,7mm-ko lodiera duen titaniozko pieza, 500mm-ko diametroa eta oso doitasun handiko perdoi geometrikoak dituena, eta baita sistemak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren elementu osagarriak fabrikatzeaz ere: strutak eta subreflektorea.
Pieza horiek fabrikatzeko orduan, hainbat alderdi hartu dituzte kontuan: alde batetik, geometria, mekanismoaren funtzionamendu egokia bermatzeko; baina kostuetan aurrezteko arinak diren materialak ere erabili dituzte, aldi berean zorrotzak eta iraunkorrak direnak, Jupiterreko gune izoztuetako muturreko klimatologia baldintzak arazorik gabe jasan ahal izateko.
Juice espaziontziak ostegunean, apirilaren 13an ekingo dio Jupiterrerako bideari.