Goizper, hitzez ekiteko prest

Euskaraldiari ekiteko astebete eskasen faltan, Goizper enpresak ere zehaztu ditu bere ariguneak. Argi diote euskarak lanean emaitza onak lortzeko ahalmen handia duela

Goizperreko langileak | Argazkia: Goizper Goizperreko langileak | Argazkia: Goizper

“Leku bakoitzeko hizkuntza zaintzea errespetu seinale da”, halaxe diote Goizper Antzuolako industria enpresako kideek euskararen erabileraren inguruan galdetuta. Euskaraldiko hirugarren edizioan eman dute izena eta ariguneak sortu dituzte lantegian, euskarari beste bultzada bat eman nahian. Egunerokoan euskararekin duten harremana nolakoa den azaldu digute.

1959an sortu zen Goizper S.Coop enpresa, Antzuolan. Urte hauetan izan duen hazkundearen ondorioz, taldea hiru sailetan egituratu da eta 14 ordezkaritza propio dauzka bost kontinenteetan, nazioarteko presentzia bermatzeko. Hala ere, Antzuolan duen lantegian, ihinztadura eta arlo industriala garatzen dituzte. Lehenengoan, eskuzko ihinztagailu eta hautseztagailuen diseinu, fabrikazio eta komertzializazioaz arduratzen dira eta, besteak beste, nekazaritza, lorezaintza, industria, eraikuntza, garbiketa edota bektoreen kontroleko tratamenduetan du ardatza. Aldiz, industria arloari lotuta, potentzia transmititzeko osagaiak eta soluzio pertsonalizatuak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen dituzte, hala nola, frenoak, enbrageak edota biraketa sistemak.

Aitor Azkarate: “Norbere hizkuntzan lan egiteak aldartea hobetzen du eta langilea parte-hartzera bultzatzen du, enpresaren funtzionamendua ere hobetuz”

“Bost kontinentetan izanda, gero eta eleaniztunago den inguruak hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea eskatzen digu, bakoitzari bere tokia eginez. Hori bai, euskarari uko egin gabe”, azaldu digu Aitor Azkarate Goizperreko euskara koordinatzaileak. Izan ere, garbi du Euskal Herrian sortutako kooperatiba izanik, euskara dela euren lan hizkuntza nagusia, berezkoa eta lehentasunez darabiltena. Ondorioz, euskara hutsez egin daitekeena hala egiten dutela jakinarazi digu, eta behar-beharrezkoa denetan soilik jotzen dutela beste hizkuntzak erabiltzera, Euskal Herritik kanpoko harreman komertzialetan, kasu.

Langileen artean ere euskara nagusi dela azaldu digu, lantaldearen aukeraketa prozesuan, euskararen hizkuntza profila eskatzen dutelako. Antzuolako lantegiaren kasuan, euskara da nagusi, beraz. “Giro euskalduna daukagu, langile gehienak bertakoak edo inguruko herrietakoak direnez, hizkuntza ezagutu eta erabiltzen dutelako”, dio Azkaratek. Hain zuzen ere, azaldu digu herritik kanpoko jendea lanean hasi zen unean, gazteleraz lan egiteko ohitura hartu zutela, eta langileen beraien eskakizuna izan zela euskara plana sortu eta lanerako hizkuntza nagusia euskara izatea. “Beharra zegoen”, dio euskara koordinatzaileak. “Norbere hizkuntzan lan egiteak aldartea hobetzen du eta langilea parte-hartzera bultzatzen du, enpresaren funtzionamendua ere hobetuz”, gaineratu du, euskarak enpresari balioa ematen diola eta lankideen arteko harremanak ere hobetu egiten dituela argi utziz.

Normalizaziorako ibilbidea

“Edozein langile berri sartzen denean segituan hautematen du naturaltasunez lan egiten dugula euskaraz, eta hori, segur aski euskara gure enpresa-kulturaren parte izatera igaro delako da”, azaldu digu Azkaratek. Baina egoera horretara iristeko, euskara plana burutu zuten Goizperren 1999an, Emun Aholkularitzaren laguntzaz. Euskararen erabilera, ezagutza eta motibazioa landu eta gora egin ahala, lehen erabakiak hartu zituzten garai hartan, tartean, zein hizkuntza erabili, zertarako, eta nola. 2002an, berriz, Goizperreko Euskararen Eskuliburuan hizkuntzaren inguruko politika eta irizpide guztiak bildu zituzten eta zenbait eguneratze izan ditu eskuliburuak (azkena 2008an). Geroago etorri zen Goizperreko Hizkuntza Politika Orokorra, 2015ean, lekuan lekuko hizkuntzari lehentasuna emango ziona.

Ondorioz, 2002ko Euskararen Erabilerarako Eskuliburua eta 2015eko Hizkuntza Politika dira euskararen inguruan Goizperren adostu eta onartu diren dokumentu nagusiak. Lehenak euskarari bide eman dio eta arlo bakoitzerako irizpide zehatzak zehaztu dituen bitartean, bigarrenak modu orokortuago batean euskarari gainerako hizkuntzen artean bere lekua eta maila aitortu dizkio.

“Helburua ez da Euskaraldia bakarrik Goizperren egitea, bakoitzak bere herrian edo eremuan Euskaraldian izen-ematea eta lanetik kanpo ere ariketa indibiduala egitea baizik”

Orain, Euskaraldiari begira, Azkaratek aitortu digu ez dituztela ahobizi eta belarriprest txapak banatuko, norberak bere ingurunean ariketa egitea nahi dutelako: “Helburua ez da Euskaraldia bakarrik Goizperren egitea, bakoitzak bere herrian edo eremuan Euskaraldian izen-ematea eta lanetik kanpo ere ariketa indibiduala egitea baizik. Azkenean, ariketa honekin, erdarara jotzeko ohitura txarra aldatu nahi dugu eta lan-eremutik kanpo ere zeregin hori egin beharra dago”, azaldu du. Hala ere, eta enpresari dagokionean, ariguneak zehaztu dituzte lantegian eta, hitzez ekiteko garaian ere, euskarari gogor helduko diote.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK