Europako Batzordeak Google (Alphabet) ikertuko du, adimen artifiziala (AA) entrenatzeko informazioa eta datuak baimenik gabe erabiltzeagatik. Hau da, Bruselak uste du konpainia erraldoiak plataforma digitaletako eta komunikabideetako edukiak erabiltzen dituela, baimen zehatzik izan gabe eta ekonomikoki ordaindu gabe, bere AA sistemak garatzeko.
Googlen bilaketak egitean, “AAren laburpena” eta “AA modua” tresnak erabil daitezke, eta modelo horiek dira, hain zuzen ere, Europako Batzordeak arakatu nahi dituenak. Era berean, ikertuko da ea erraldoi teknologikoak YouTuben partekatutako edukiak ere erabili dituen.
“AAk sekulako berrikuntza ekarri du, baita pertsonentzako zein Europako enpresentzako onurak ere, baina aurrerapen hori ezin da gure gizarteen funtsezko printzipioen kalterako izan”, esan du Teresa Ribera Lehiakortasunerako Europako komisarioak.