2021ean hobera egin dute Euskal Autonomia Erkidegoko landetxe, etxebizitza turistiko eta hoteletako bisitari zenbakiek. Eustatek ostiralean eta gaur partekatu ditu ostatu turistiko horiei dagozkien datuak. Hein batean, jarduera turistikoa berreskuratzeko bideari ekin diote, nahiz eta oraindik 2019ko zifretatik urrun izan, salbuespenak salbuespen.
Urtebeteko epean, hazkunde handiena landetxeek izan dute. 2020arekin erkatuta, sarrerak % 81,8 handitu dira 2021an ostatu gauak, berriz, % 69,8. Beraz, iaz 123.935 sarrera eta 348.836 ostatu gau izan dituzte guztira. Lurraldeka, Araban hazi da gehien bisitari kopurua, bai sarrerei (%112,6), bai gaualdiei (%88,4) dagokionez. Bizkaian sarrerek % 87 egin dute gora, eta % 73,6 ostatu gauek. Gipuzkoan % 69,9 handitu dira sarrerak eta % 63,3 ostatu gauak.
Hala ere, hotel eta apartamentu turistikoetan ere asko hazi dira hala sarrerak, nola ostatu gauak. Portzentajeari erreparatuz gero, bietan sarrerek ia hazkuntza bera izan dute. Apartamentu turistikoetan % 76 egin du gora 2021ean, eta hoteletan, berriz %75,5. Gaualdiei dagokienez, % 75,3ko gorakada izan da etxebizitza turistikoetan, eta hoteletan % 73,4.
Datu horiek lurraldeka aztertuz gero, joerak oso desberdinak izan dira. Apartamentuei dagokienez, Bizkaiak ia bikoiztu egin ditu sarrerak (% 101,9), baina Gipuzkoan hasi dira gehien ostatu gauak (%132,5). Azken lurralde honetan, sarrerak % 56,4koak izan dira, eta Bizkaian ostatu gauak %63,9koak. Araba izan da sarrera eta ostatu gauetan igoera gutxien izan duen lurraldea: % 36ekoa eta % 25ekoa, hurrenez hurren.
Hoteletan, berriz, Araban egin dute gora gehien sarrerek zein ostatu gauek, zehazki, % 83,1 eta % 80,3. Bizkaian, sarrerak % 80,6 handitu dira, eta gaualdiak % 75,1; Gipuzkoan, ordea, % 68 lehenengoak eta % 69,4 bigarrenak.
Guztira, 2.172.927 sarrera izan dituzte EAEko hotelek, eta 4.178.716 ostatu gau. Apartamentu turistikoek, berriz, 80.127 sarrera eta 359.224 ostatu gau izan dira.
Egonaldi egunak, behera
Joera hori ikusita, uler daiteke okupazioak ere gora egin duela 2020tik 2021era. Hala izan da kasu guztietan: landetxeetan, plazen okupazioa %23,1ekoa—% 4,7 handiagoa— eta logelena % 26,4koa —% 3,8 handiagoa—; hoteletan, plazena % 41,1ekoa —%8,3 handituta—, eta logelena % 48,8koa —%7,8 handituta—; apartamentu turistikoetan, plazaka % 28,1koa —2020an baino 5,5 puntu gehiago— eta apartamentuka %51,5 —2020an baino 3,5 puntu gehiago—.
Aldiz, egonaldi egunen batez bestekoak beheranzko joera izan du den-denetan: landetxeetan, batez besteko egonaldia 2,81 egunekoa izan da, eta 2020an 3,1ekoa; hoteletan, 1,92 egunekoa izan da batez beste, eta 1,95 egunekoa 2020an; apartamentu turistikoetan, batez beste 4,48 egunekoa izan da, eta 4,50ekoa 2020an. Bestela esanda, jaitsiera nabariena landetxeetan izan da, 2019koa baino handiagoa bada ere.
2019tik urrun, apartamentu turistikoetako gaualdiak salbuetsita
Bisitariak berreskuratzeko bidean badira ere, oraindik 2019ko datuetara itzultzeko asko falta zaie bai landetxei, bai hotelei: landetxeetan, urte horretako datuen % 74 izan da sarrera, eta % 80,8koa, berriz, gaualdia; hoteletan, %87,1ekoa izan da sarrera eta %87,7 ostatu gauak. Apartamentu turistikoetan, berriz, ostatu gauek gora egin dute, %106,5ekoa baitira. Kontuan hartzekoa da azken bi urteetan hazi egin dela apartamentu turistikoen kopurua, 787tik 1.303ra igarota, hain zuzen. Sarrerak, berriz, oraindik azpitik izan dira, 2019koaren % 75,3, alegia.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta