• ENPRESAK GAUR
  • Greba mugagabea hasi dute Abadiño eta Legutioko Metal Group enpresako langileek

Greba mugagabea hasi dute Abadiño eta Legutioko Metal Group enpresako langileek

Enpresako zuzendaritzak 139 langile kaleratu nahi ditu. Pasa den abuztuan hartzekodunen konkurtsoan zegoen konpainia eta Meteorix funts suitzarrak bereganatu zuen

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2026eko urtarrilaren 8a - 10:02
Eg. 2026eko urtarrilaren 9a - 16:29

Metal Group Smeltin & Precision konpainiako langileek greba mugagabea hasi zuten atzo, enpresako zuzendaritzak 139 langileri eragingo liekeen lan erregulazio espedientea abiatu eta gero. Automoziorako fundizio eta mekanizatu piezak egiten dituen enpresak Lebarioko (Abadiño, Bizkaia) lantegia itxi eta Legutiokoan (Araba) zenbait langile kaleratu nahi ditu. Guztira 183 behargin ditu enpresak.

 

Zuzendaritzaren lehen proposamena zera izan zen: Lebarioko lantegia itxi (48 langile dira bertan), eta Legutiokoan 91 lanpostu kentzea. Enpresa batzordeak, ordea, proposamen hori ezetsi zuen. Egoera ikusita, ELAk grebara deitu ditu langileak, eta sindikatuak zehaztu duenez, oraingoz “jarraipen zabala” izaten ari da.

Metal Groupek argudiatu du lan erregulazio espedientea beharrezkoa dela, bere bezero nagusiarekin kontratu berritzea negoziatzen ari baita, baina ELAk uste du neurri horrek ez duela Legutioko lantegiaren bideragarritasuna bermatzen. Era berean, sindikatuak gogoratu du konpainiak hartzekodunen konkurtso bat izan zuela abuztuan, eta Meteorix funts suitzarrak bereganatu zuela enpresa euro baten truke.

 

ELA, CCOO eta LABek salatu dute enpresaren zuzendaritzan ez dela benetako aldaketatik gauzatu, eta Metal Group “aurreko zuzendaritzaren eskuetan” dagoela oraindik, zeinak enpresa hartzekodunen konkurtsora eraman zuen.