
Tolosako hiltegiko 11 langileek greba mugagabea hasi dute astelehen honetan. Azken bi hilabeteetako soldatak ez dituztela jaso eta lantegiaren egoera kaskarra salatu dute. Gaur egun, Incarosa (Industrias Carnicas del Oria) enpresak kudeatzen du Tolosako hiltegia, eta ustiatzeko baimena du beste 10 urterako.
Hiltegiak Goierri eta Tolosa inguruko 400 abeltzaini eta 75 harakini ematen die zerbitzua, eta ENBA nekazaritza sindikatuak azaldu duenez, enpresak “zor handia” du Tolosako udalarekin eta Tolosako Mankomunitatearekin, izan ere, urte asko daramatza erabilera kanona eta alokairua ordaindu gabe. Hala, Tolosako Mankomunitateak adierazi du urgentziazko esku-hartzea egiteko asmoa duela egoera bideratzeko asmotan.
ELA sindikatuak deitu du greba mugagabera eta argitu du hiltegia enpresa pribatu batek kudeatzen duen zerbitzu publiko bat dela. Egoera konpontzeko eskatu dio Mankomunitateari, eta langileen soldatak ordain ditzala, besteak beste.