
Petronorreko langileek hasiera emango diote gaur arratsaldean greba mugagabeari, ez baitute lortu enpresarekin akordiora iristea. Pasa den ostiralean jada egin zuten kontzentrazio bat, zuzendaritzaren erabakien “neurrigabekeria” eta “inposizioa” salatzeko. Erantzunik izan ez zutenez, plantillak bozketa egin zuen atzoko egun osoan zehar, eta %90,9ko babesarekin greba mugagabeari ekin diote gaur.
Muskizeko konpainiak dituen asmoek sortu dute arazoa: 400 langile ingururen jardunaldiari ordu erdia gehitu nahi diote, plantillak arropa aldatzeko duen aldageletako denbora “orekatzeko” helburuarekin; are gehiago, zuzendaritzak ez du aldaketa hori beste era batera konpentsatzeko asmorik duela jakinarazi. Ondorioz, langileek babes-arropak jantzita eduki beharko dituzte txanda aldaketa egin behar denerako, eta jardunaldia amaitutzat joko da hurrengo txanda-aldaketa egitean, ondoren langileak arropaz aldatu behar badu ere. Enplegatuen hitzetan arropa aldaketa hutsak eta dutxak (beharrezkoa dute petrokimikoekin lan egiten dutelako) eguneko hogeita hamar minutu eskatzen ditu.
Petronorrek, bestalde, "neurrigabekoa" eta "justifikaziorik gabekotzat" jo du batzordeak deitutako greba mugagabea, "aldagela berri batzuengatik", eta "elkarrizketarako borondatea" erakutsi duela nabarmendu du.
Auzia epaitegietan dago jada, urriaren 24an egingo baita bista, baina enpresa batzordeak aukera eman nahi dio konpainiari une horretara iritsi aurretik erabakia aldatzeko.